2018ko xanisteban jaiak iragartzeko kartel lehiaketa, martxan

Festa Batzordeko kideek parte hartuko dute epaimahai moduan. /
Festa Batzordeko kideek parte hartuko dute epaimahai moduan.

Eegileei dei egiten zaie genero berdintasunaren irizpidea txertatzeko euren lanetan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzungo udaleko Kultura batzordeak 2018ko xanisteban jaiak iragartzeko kartel onena hautatu asmoz aurtengo kartel lehiaketa jarri du martxan. Maiatzaren 31 arte aurkeztu daitezke lanak udaletxeko Informazio Bulegoan, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:30era. «Azkeneko egunean, hilak 31, goizeko 13:00etan bukatuko da lanak entregatzeko ordua», argitu du Iosune Cousillas Kultura zinegotziak.

Aurreko urteetan bezalaxe, kartelaren neurria 70x50 cm-koa izango da. «Nahi den teknika erabili daiteke kartela sortzeko garaian. Nahitaezko baldintza, 'Xanistebanak 2018' leloa agertzea izango da», azpimarratu du Cousillasek. «Nahi duen guztiak parte hartu dezake, original bat baino gehiago aurkeztuz ere bai. Hori bai, egileak ezingo du kartela sinatu. Bere datu pertsonalak lanarekin batera entregatuko den gutunazal itxi batean idatziko ditu (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta langabetua bada, froga-agiria)».

Bost sari jokoan, aurten ere

Herriko festak iragartzeko kartelean genero berdintasuna bermatzeko irizpideak kontuan hartuko dira. Bost sari banatuko dira aurten ere: irabazlea (xanistebanetako irudia izango dena karteletan, egitarauan eta 'Oiartzun 2018' urtekarian; 600 euro); oiartzuar onena (300 euro); bi akzesit (bakoitza 50 euro) eta gaztetxoen lana sustatzeko, 100TZE Sormen Espazioko beka (urtebeteko eskolak doan). Epaimahaia, betiko moduan, Festa Batzordeak osatuko du eta haren erabakia uko ezinekoa izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos