Diario Vasco

Atsolorra ospatu dute Oiartzunen, hirugarrenez

Jende ugari elkartu zen udaletxeko areto nagusian.
Jende ugari elkartu zen udaletxeko areto nagusian. / GOIZARIN
  • 2016an jaiotako haurrek ongietorri gozoa jaso dute herriaren partetik

Ongietorri gozoa jaso zuten iaz jaiotako haurrek pasa den igande goizean, propio prestatutako Atsolorran. «Atsolorra haur bat jaiotzen zenean egiten zen erritua da. Haurra jaio zen etxean emakumeen merienda bat antolatzen zen; bakoitzak etxetik zerbait eramaten zuen eta festa bat egiten zuten amaberriaren eta jaioberriaren omenez. Festaren helburua amari eta haurrari babesa adieraztea zen eta haiekiko konpromisoa hartzea. Hartara, auzoak haur jaioberria aurrera ateratzeko konpromisoa hartzen zuen. Eta konpromiso hori txalapartarekin sinatzen zen», argitu zuen saioaren hasieran Iosune Cousillas udal zinegotziak.

Aurtengo Atsolorran ere musikak tarte handia izan zuen. Lur Gaztelumendik atsolorrari buruz sortu duen kanta abestu zuen.

Gero, 2016an jaiotako haurren aurkezpen ofiziala egin zuen Iosune Cousillasek. Hilabetez hilabete jaiotako haurren izen-abizenak esan eta haien gurasoek haurraren argazkia itsasten zuten propio prestatutako zuhaitz erraldoi bateko adaska batean (hilabete bakoitzeko adaska bat zegoen). Aldi berean, udal zinegotziek haur ttikia ederki aton-tzen zuten festarako egindako zapi dotore batez, udal aretoan bildutakoen txaloen artean.

Musikarekin ttikiak adi-adi

Horren ondoren, Maddi Kazabonek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Aitatxo eta Amatxo' kantak eskaini zituen eta, azkenik, Alaitz Guridi eta Arantxa Ansa kantariek sehaska kanta batzuk.

Bukatze aldera, Larraitz Aristizabal eta Aritz Oiartzabal Kapeo-k jo zuten txalaparta doinuekin berretsi zuten zeremonian hartutako kon-promisoa, hau da, euskaraz eta eus-kal kulturan hezteko konpromisoa.

Garai bateko atsolorretan meriendara joaten ziren guztiek eramaten zuten jatekoa edota edatekoa. Gisatua, xerra pipermorroekin, arroz-esnea, almibarretako mertxika... ez ziren merienda makalak izaten. Igandeko menua ere moldatu egin zuten garaiotara: patata-tortilla, gazta, bizkotxoa, txorizoa, urdaiazpikoa, pastela eta txokolate beroa besteren artean. Gisatu on askia ere ez zen falta udal aretoan. Lehen bezala orain, euskaldunen jaietan ez da faltan izaten jatekoa eta edatekoa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate