Diario Vasco

Neguko Musika Kontzertua, datorren larunbatean

Datorren larunbatean, hilak 14, Neguko Kontzertua izango da Udal areto nagusian, arratsaldeko 18:30ean hasita. Bertan, batetik Madrilgo Balbarda taldeak parte hartuko du. Iberiar penintsulako folka egiten du taldeak nagusiki Gaztela eta Leongo herri musikatik hartutako abestiak egokitzen ditu bere gustu eta estilora. Bestetik, Juan Mari Beltranek Nafarroako Larraun bailaran jasotako dantzei buruzko lana, «Larraungo herri-dantzak», hainbat musikariren laguntzarekin aurkeztuko du. Kontzertuaren sarrerak 5 euro balio du. Kontzertuaren ondoren musikariekin egingo den afarira joan nahi duenak 20 euro balio duen txartela erosi beharko du, eta horrek kontzertura eta afarira joateko balioko dio. Afaria Aialde kalean dagoen Ibargain elkartean izango da. Erreserba egiteko Soinueneara deitu behar da 943 493 578.

Saio didaktikoa, goizean

Goizean, berriz, saio didaktikoa izango da Soinuenea-Herri Musika Txokoan, Ergoien auzoan. Goizeko 11:30ean jarri dute hitzordua Oiartzungo familientzat, Larraungo herri-dantzen tailerra egiteko. Juan Mari Beltranek eta Larraungo dantzariek Larraungo bailarako herri-dantzen tailerra gidatuko dute. Haurrek eta haien senideek Larraungo aulki-jokoak eta ingurutxoa ezagutzeko parada izango dute. Sarrera doakoa izango da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate