Diario Vasco

Elika Kooperatibaren aurkezpen saioa bihar arratsaldean

Mitxelena eta Beramendi Makutsoko agroaldean lanean.
Mitxelena eta Beramendi Makutsoko agroaldean lanean. / GOIZARIN
  • Herritarrak gonbidatu dituzte biharko saiora, proiektua gertutik ezagutzeko

Bihar arratsaldeko 18:30ean, Elika Kooperatibaren herri mailako aurkezpena izango da udal areto nagusian. Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunak parte hartuko du, 'Bizi baratzea' liburuaren egileak hain zuzen.

Elika Kooperatiba Oiartzungo herritar talde batek sortu du, elikadura burujabetzaren bidea jorratzeko. «Hiru urte daramatzagu proiektua hezurmamitzen», adierazi du Jon Etxebeste oiartzuarrak. Herriko hamar lagun gabiltza jo eta ke lanean proiektua gauzatzeko. Ez da lan erraza izan baina orain oso gustura gabiltza, abiatzeko tenorean gaude-eta», gaineratu du. Proiektu berriek sortzen duten zirrara nabaritzen zaio egiten dituen adierazpenetan.

«Orain arte egindako bidean, lur sail egokia lortzea izan da oztoporik handiena, baina Makutsoko baserriaren aldameneko agroaldean gauzatzearekin batera zerua zabaltzen hasi da guretzat», aitortu du. «Gure kooperatibaren lurrak bi nekazari gazte oiartzuarrek lantzen ari dira: Jakobe Beramendik eta Joritz Mitxelenak», gaineratu du. «Dagoeneko negutegiak jartzen ari gara. Bigarren eskukoak erosi genituen Funesen (Nafarroa) eta Makutsoko lur saila ari gara egokitzen». Ziklo naturala jarraituz, udan hasiko dira uzta jasotzen. «Nolanahi ere, lehen urtea saiakera modukoa izango da».

Kooperatibaren filosofia

«Gure asmoa Oiartzungo nekazarien lana bultzatzea da, garaikoa era naturalean ekoitziz eta oiartzuarrei bertako barazkiak eskainiz kontsumitzaileekin tratu zuzen bidez», azpimarratu du Etxebestek. Herriko komertzio eta jantoki-zerbitzua duten erakundeei (ikastetxeak, zaharren egoitza...) euren produktuak eskaintzeko asmoa ere badute. Era berean, herrian kontsumo talde bat antolatu nahi dute, Arraztalo Elkarteak egin duen antzera.

«Ekoizpen ekologikoa sustatu nahi dugu. Hori oso garbi daukagu. Garaian garaiko barazkiak ekoitziko ditugu. Gainera, ENEEKen zigilua lortzeko asmoa ere badugu», adierazi du Elikako kooperatibistak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate