Diario Vasco

Euskararen Nazioarteko Eguna larunbatean, izango da zer ospatua Oiartzunen

Herriko eragileek bat egin dute larunbateko Euskararen Festarekin.
Herriko eragileek bat egin dute larunbateko Euskararen Festarekin. / ARGAZKIAK GOIZARIN
  • Haurtzaro Ikastolak eta Elizalde Herri Eskolak hainbat ekintza antolatu dituzte biharko

Larunbatean Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ez da ospakizunik faltako Oiartzungo bailaran. Ttu-ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Abaraxka Ludotekak eta Oiartzungo Udalak antolatuta, herriko makina bat eragilerekin batera, egitarau oparoaz gozatzeko parada izango dute oiartzuarrek.

Goiz partean, Lartaungo txistulariak eta Soinueneako dultzaineroak ibiliko dira herriko bazterrak euren soinuekin alaitzen, festa giroa prestatzen. Goizeko 12:00etan, berriz, haur jolasak eta pintxo postua izango dira Doneztebe plazan. Era berean, Landetxe plazan mural margoketari ekingo zaio eta Kuadrillategiko gaztetxoak kaleak apain-tzen ibiliko dira buru-belarri. Horren jarraian, 12:30ak aldera, dantzarako prestatu beharko dute oiartzuarrek, mutxikoen txanda izango baita.

'Euskararen Festa'

Bazkaldu eta gero ere izango du jarraipenik euskararen aldeko egunak. Izan ere, arratsaldeko 15:30ean trikitilari eta pandero joleek hartuko dute lekukoa eta euren soinu alaiak zabalduko dituzte Elizaldetik barrena. Doneztebe plazan, berriz, erraldoien eta buruhandien txanda izango da, ttikien gozamenerako.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da 'Euskararen Festa'. Usoa Arbelaitz eta Nekane Martiarena ariko dira aurkezle lanetan eta propio jarriko den oholtzan hainbat ekitaldi ikusteko parada izango da, hala nola: malabareak, euskal dantzak, dantza garaikidea, bertsolariak... Era berean, 'Paperezko Ametsak' proiektuarekin lotutako ekintzaren bat ere izango da, baita El Watan elkartearena ere.

Horren amaieran, 18:00ak aldera, txokolate goxoa jateko tenorea izango dute plazan bildutako euskaltzaleek. Azkenik, Ibargain Musika eskolako kideekin emango zaio amaiera egun osoko egitarauari, betiko euskal kantuen emanaldiaren bitartez.

Arratsalde partean, Korrika eta 'Paperezko Ametsak' proiektuko postuak jarriko dira Doneztebe plazan.

Haurtzaro ikastolan, bihar

Haurtzaro ikastolako komunitateak bihar ospatuko dute Euskararen Eguna. Goizean, Eskuttun euskara elkarteko kideak LHko eta DBHko geletara joango dira pregoia irakurtzera. Horren ondoren, ikasleek euskararekiko konpromisoak hartuko dituzte. Era berean, DBHko gaztetxoek Mihiluze lehiaketan hartuko dute parte.

Arratsaldean, Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxoren bisita jasoko dute, eta haren urtebetetzea ospatu. Saioan bertan, astean zehar egindako opariak eskainiko dizkiote Argitxori.

Gero, 15:40ak aldera, ikastolako HH eta LHko ikasle nahiz irakasleak bilduko dira ekitaldi nagusian parte hartzeko asmoz. Ekitaldian, ikasle-talde bakoitzak hartu duen konpromisoa besteei jakinaraziko die eta, jarraian, ikasle guztiek batera prestatutako abestia abestuko dute.

Elizalden, irratsaioa

Elizalde Herri Eskolak ere biharko egitaraua prest dauka. Goizean, irratsaio berezia egingo dute. Haur Hezkuntzako ikasleek emango diote hasiera, abesti batzuekin. Gero, LH1/2ko ikasleek, Imanol Urbietari, duela aste batzuk zendu zenari, omenaldia egingo diote, bere bizi-tza errepasatu eta abestu egingo dute; LH3/4ko ikasleak, jolastu egingo dira, eta azkenik, LH5/6ri dagokionez, Xalbadorren irudia goraipatuko dute.

Irratsaioaren ondoren, Haur Hezkuntzako eta LH1eko ikasleen-tzat, frontoian puzgarriak jarriko dituzte; LH2, 3 eta 4ko ikasleek, Udal Pleno aretoan Pello Añorgaren ipuin kontaketaz gozatuko dute; azkenik, LH5 eta 6ren kasuan, herri kirolak egingo dituzte. Azkenik, arratsaldean, denok txokolate jateaz gozatuko dute.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate