Diario Vasco

Ikastolaren 50. urteurrena ospatzen jarraitzen dute Haurtzaroko lagunek

Datorren larunbatean, duela 50 urte euskararen alde emandako pausua gogoratuko dute.
Datorren larunbatean, duela 50 urte euskararen alde emandako pausua gogoratuko dute. / GOIZARIN
  • Ikastolako lehen gelak izan ziren eraikinean, gaur egun Haurtzaro Ttiki dagoen lekuan, plaka bat jarriko dute datorren larunbatean

Haurtzaro Ikastolako partaide guztiek 50. urteurrena ospatzen jarraitzen dute. Horretarako, abendua hilabete berezia izango da, urteroko ospakizunak baliatuz, ikasle ohiengana hurbiltzeko saiakera bat egingo baitute.

Hasteko, abenduaren 3an (Euskararen Eguna) Haurtzaro Ikastola Oiartzunen euskara eta euskal kultura sustatzeko sortu zela gogoratuz, Euskararen Eguna egun berezia izango da. Ekitaldi xume batekin, duela 50 urte euskararen alde emandako pausua gogoratuko dute. Ikastolako lehen gelak izan ziren eraikinean, gaur egun Haurtzaro Ttiki dagoen lekuan, plaka bat jarriko dute ondorengo testuarekin: «Hemen ireki zen Haurtzaro Ikastolaren lehen gela 1967ko urriaren 16an». Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta plaka jartzeaz gain, dantzariak, bertsolariak, abesbatza eta luncha izango dira.

Batzar Nagusia, abenduan

Bestalde, Haurtzaro Ikastolako ohiko Batzar Nagusia abenduaren 16an izango da. Bertan, ohiko aurkezpenez gain, honako hauek ere aurkeztuko dira: 50. urteurrenari lotutako ospakizunak; Ikastolan egingo diren lan berriak; Haur Hezkun-tzan jarriko den metodologia berria; Haurtzaro Ikastolaren marka berria.

Era berean, aurtengo Gabonetan Haurtzaro Ikastolak ikasle ohiengana gerturatu nahi du. «Oiartzundik kanpo bizi diren ikasle-ohi asko Gabonetan etxera itzultzen direla baliatuz, aurten, deialdi berezia egin nahi genuke ikasle ohiengana hurbiltzeko», adierazi du Sorkunde Lekuona zuzendariak. Izan ere, «komunitate sendo eta handiak osa-tzen du Haurtzaro Ikastola. Gaur egungo ikasleak, gurasoak, irakasle eta langileak, baina baita ikasle- eta guraso-ohiak ere», gaineratu du.

Haurtzaro Ikastola herritik sortu zen eta 50 urte hauetan «oiar-tzuar askoren txoko maitea izan da. Ikasturte berezi honen erakusgarri, Txerri egunean eta, Olentzero eta Mari Domingi-ri kantatzera ateratzerakoan, Haurtzaro Ikastolako komunitateko kide guztiak 50. urteurreneko zapia soinean eramatera gonbidatu nahi ditugu», azpimarratu du Lekuonak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate