Diario Vasco

Bihar arratsaldean festa giroan piztuko dute txondorra Arditurriko Parketxean

Josetxo Arbelaitz, Jose Manuel Etxarte eta Jose Billaluze ikazkinak, Arditurrin.
Josetxo Arbelaitz, Jose Manuel Etxarte eta Jose Billaluze ikazkinak, Arditurrin. / GOIZARIN
  • Gaurtik, larunbata, abenduaren 17ra bitarte egin daitezke bisita gidatuak

Bosgarren urtez jarraian txondorra piztuko da Arditurrin, Aiako Harria Natura Parkeko basoetan hain garrantzitsua izan den ikazkinen lana ezagutzera emateko helburuarekin. Oiartzungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Parketxe Sarea dira ekimen honen antolatzaileak.

Bihar arratsaldean piztuko da txondorra, jai giroan piztu ere. Gerturatzen direnek garai bateko ikazkinen lana nolakoa zen ikusi ahal izango dute. Egun berezi honetarako egitarau zabala prestatu da. Arratsaldeko 16:00etan kalejira abiatuko da aparkalekutik Abaraxka eta trikitilariekin txondorreraino; 16:30ean haurrentzako talo tailerra egingo da eta 17:00etan piztuera ekitaldia hasiko da, bertsolari eta txistularien laguntzaz.

Txu-txu trenaren zerbitzua

Aurtengo berrikuntzen artean, bertaraino Txu-txu trenean joateko aukera aipatu daiteke. Abenduaren 4an, 6an, 8an eta 10ean, goizean zehar Pagoaldetik Arditurrira hiru joan-etorri egingo ditu, prezio berezian, meategiaren eta txondorraren bisitak ere barneratuz. Aurrez lekua erreserbatu beharra dago, behean zehazten diren bideak erabiliz. Pagoaldetik irteerak 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean izango dira. Arditurritik irteerak Pagoalderantz 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan izango dira.

Lau egun horietan, prezio bereziak izango dira: txu-txu trena, meategiaren oinarrizko bisita eta txondorra, 5 euro; txu-txu trena, meategiaren oinarrizko bisita eta txondorra, 3 euro; eta txu-txu trena, meategiaren sakoneko bisita eta txondorra, 7 euro.

Bisita gidatuak egunero

Txondorra piztu ondoren, hilaren 26tik abenduaren 17ra bitartean, hura ikusteko bisitak egiteko aukera izango da, norbere kabuz edo gidatuta (aurrez erreserba eginda). Txondorrari buruzko bideo-emanaldiak eta argazki erakusketa ere egongo dira ikusgai tarte horretan.

Bisiten ordutegia astelehenetik igandera 10:00etatik 14:00etara izango da; larunbatetan 16:00etatik 18:00etara ere ikusgai egongo da. Bisita gidatuetarako ordua aldez aurretik hartu behar da Arditurriko Parketxera (943 49 50 69) edo Turismo Bulegora (943 49 45 21) deituta.

Egur ikatza, abenduaren 17an

Abenduaren 17an, egur ikatza aterako da. Arratsaldeko 17:00etan, Arditurriko parketxean ipuin kontaketa izango da Lur Kortaren eskutik eta jarraian, 18:00etan, Olentzeroren laguntzaileak menditik jaitsi eta ikazkinek egindako ikatza hartuko dute txondorretik. Ateratzen den ikatza Olentzeroren Laguntzaileek Oiartzungo plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian.

Ikazkintza oso garrantzitsua izan da gure basoetan duela hamarkada gutxi arte. Egur-ikatzaren ezaugarri nagusia duen berotzeko ahalmena izanik, historian zehar oso erabilia izan da burdinaren langintzan eta baita etxeetan ere. Gaur egun lanbide hau galdu den arren, haren aztarnak aurki daitezke Aiako Harriko basoetan barrena. Basoek ikazkinen eta herritarren beharrak asebetetzen zituzten; txondorra eraikitzeko beharrezko egurra han biltzen zuten eta lan horrek aztarna ugari utzi ditu. Aiako Harriko basoetan antzinatik abeltzantza eta basogintza bateragarri egiten zituen zuhaitzak lepatzearen teknika erabili da, adarrak altuera jakin batean moztuta, egur ekoizpen handiagoa lortzen baitzen. Zuhaizti lepatu ugari geratzen da Oiartzun inguruan. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren emaitza diren kultur paisaia interesgarriak utzi dituzte.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate