Diario Vasco

Santa Zeziliaren omenez, hainbat ekitaldi herrian

Ibargain Musika Eskolako Bat Batean taldea.
Ibargain Musika Eskolako Bat Batean taldea. / GOIZARIN
  • Manuel Azkue organistaren omenezko memoriala, gaur; Ibargain Musika eskolako musikarien txanda, bihar

Datorren asteartean, hilak 22, Santa Zezilia eguna izango da. Horren harira hainbat ekitaldi antolatu dira Oiartzunen. Esate baterako, gaur arratsaldean Jose Manuel Azkue organista oiartzuarraren omenezko hirugarren memoriala izango da San Esteban parrokian, arratsaldeko 17:15ean hasita. Mahai-inguruak zabalduko du ekitaldia. Ana Belen Garcia organista, Maddalen Dorronsoro Koru zuzendaria eta Antton Mendizabal 'Oiartzungo organozaleak' taldeko kidea izango dira hizlari. Besteak beste, Jose Manuel Azkue organista oiartzuarra izango dute hizpide. Gero, Oiartzungo parrokian dagoen organoaz mintzatuko dira eta azkenik, kontzertuaren xehetasunak azalduko dituzte.

Kontzertuari, berriz, arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera. Oiartzungo Lartaun Abesbatzak (Maddalen Dorronsoro zuzendari dela) eta Ana Belen Garcia organojoleak hartuko dute parte emanaldian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, pantaila handian ikusi ahal izango da kontzertua. Era berean, herritarrak animatu dituzte emanaldira joatera.

Bihar, berriz, Ibargain Musika Eskolako musikarien txanda izango da. Arratsaldeko 17:45ak aldera musika eskolako ikasle eta irakasleak eskolako atarian bildu eta Aialde kalean zehar, Done Eztebe plazara igoko dira kantari eta soinu-tresnak joaz. Plazara iristean udaletxearen aurrean abesti ezagunez osatutako kantaldi laburra eskainiko dute. Kantaldia irekia izango da eta hurbildutako guztiak haur eta gazteekin batera 'Bat, bi, hiru lau', 'Furra, furra', eta 'Do, re, mi' kantatzera eta 'Zazpi Jauzi' dantzatzera gonbidatuta daude.

Plazako saioaren ondoren, ikasle eta irakasleek eskolarako bidea hartu eta kantari emango diote egunari bukaera.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate