Diario Vasco

Euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua %36tik gorakoa izan da Oiartzunen

2016ko errenta aitorpenaren kanpainak utzitako datuak «pozgarriak izan dira Oiartzunen», adierazi dute Udalak eta Tur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek. «5.372 errenta aitorpen egin dira guztira, eta horietatik 1.967 egin dira euskaraz, % 36,61. Errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua igotzen ari da urtetik urtera, eta bide horretan, herritarren inplikazioa eta finantza erakunde eta aholkularitzen babesa nabarmentzekoak dira», gaineratu dute. Ttur-tturrek eta Oiartzungo Udalak urteak daramatzate errenta aitorpena euskaraz egiteko sentiberatze kanpainak egiten UEMAren laguntzarekin. 2004ko aitorpeneko datuak begiratuz gero, orduan %6,2 ziren aitorpena euskaraz egiten zuten oiartzuarrak. Ordutik hona errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua gora egiten ari da, nahiz azkeneko urteetan apaldu egin den igoera. Aitorpen egile kopuruari begiratuz gero, kopurua gutxi ari da igotzen azken urteetan, baina «euskaraz egiten dutenen kopuruak proportzio handiagoan egin du gora», nabarmendu dute.

Hasierako urteetan igoera nabarmena izan zen, eta oraindik ere gora egiten jarraitzen du neurri txikiagoan bada ere. Hori dela-eta, iaz jada %35era iristeko erronka jarri zuten, eta aurten %36,61a lortuta emaitzekin pozik daude Udala eta Ttur-ttur. «Emaitza pozgarria da, gero eta jende gehiagok aukeratzen du bere bizitzako esparru guztietan euskaraz bizitzea, baita diru-kontuak egiteko garaian ere», Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak dionez.

Urtero kanpaina egiteko garaian herriko finantza erakunde eta aholkularitzei laguntza eta babesa eskatzen zaie, eta babes hori garran-tzitsua da Aizpururen ustez. Era berean, «kopuruak gora egiten jarrai dezan herritarrek kontzientzia hartzea ere beharrezkoa da, eta emaitzek erakusten dute bide onetik goazela», azpimarratu du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate