Diario Vasco

Udalak auzoetako batzarrekin jarraituko da datorren astean

Ugaldetxo auzoko batzarra Atamitxeko lokalean egin zen.
Ugaldetxo auzoko batzarra Atamitxeko lokalean egin zen. / GOIZARIN
  • Orain arte bilerak egin diren auzoetako aktak Udalaren webgunean daude eskura

2017ko aurrekontuak eta auzoetako eskariak egiteko auzo batzarrak egiten ari dira udal ordezkariak. Dagoeneko lau bilera burutu dira: Arraguan, Ugaldetxon, Karrikan eta Ergoienen. Hurrengo astean egingo dira gainontzekoak: Iturriotz auzoan hilaren 14an egingo da auzo batzarra, auzo lokalean, 19:30ean; hilaren 15ean, Elizalde auzoko txanda izango da, Manuel Lekuona bibliotekan, 19:30ean; eta Gurutze auzokoa Bizardia elkartean, 18:30ean. Eta Altzibar auzoko eskoletan hilaren 16ko bilerarekin amaituko dira auzotarrekin egingo diren elkarrizketak. Azken bilera ere ilunabarreko 19:30ean hasiko da.

Bileretan, hiru gai aztertzen ari dira: 2017ko aurrekontuak, azken urteko balorazioa (auzokoa eta orokorra) eta aurrera begirako lanak auzoan. «Auzo bakoitzean auzoko zinegotzi ordezkariak parte hartzen du, eta beste bi zinegotzi ere egoten dira», zehaztu dute Udaletik.

Ugaldetxoko auzo batzarra

Hamazazpi lagun elkartu ziren pasa den asteartean Ugaldetxoko lokalean burutu zen batzarrean. Jexux Leonet alkateak eta Iñaki Pikabea, Enekoitz Marcos, Ioritz Aizpuru eta Eneritz Arbelaitz zinegotziek parte hartu zuten saioan. Auzotarrek hainbat eskaera luzatu zituzten bileran, baina lehentasunezkoa lokal bat lortzeari eman zioten.

Ergoien auzoko batzarrean honako eskaerak egin zituzten auzotarrek: batetik, Iriberritik plazarako loturarik ez dagoenez, hori bideratzea; bestetik, argiteria aldetik dauden hutsuneak egokitzea, hala nola Zokoloko zubian, Gaztañetik Iriberrira.

Karrikako auzo batzarrean, hamahiru lagun elkartu ziren. Jexux Leonet alkateak Iñaki Pikabea eta Iosune Cousillas zinegotziekin batera argitu zituen 2017ko aurrekontuak. Gero, azken urteko balorazioa jaso zen eta auzoan aurrera begirako lanak proposatu ziren. Dena dela, lehentasunezko gaia bertako errepidea dela zehaztu zuten.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate