Diario Vasco

Negu Festa Araban izango du Girizia Mendi Taldeak aurten

Giriziako mendizaleak Cuencan barrena ibili berri dira, hango parajeak ezagutzen.
Giriziako mendizaleak Cuencan barrena ibili berri dira, hango parajeak ezagutzen. / GOIZARIN
  • Azaroaren 27an izango da irteera eta Arabako ekialdean zeharkaldia egin ondoren Viña Laguardia upeltegian egingo dute urte amaierako festa

Girizia mendi taldeko kideak Negu Festa ospatuko dute azaroaren 27an, hilabeteko azken igandean. «Aurtengo irteera Arabara egingo dugu, Erroitegi-Antoñana zeharkaldia hain zuzen. Hiru ordu eta erdiko ibilaldia izango da, atsedenaldia kontuan hartuta», zehaztu dute antolatzaileek.

Irteera ordua goizeko 07:00etan jarri dute Haurtzaro ikastolako aparkalekutik. Autobusez, Erroitegi herrira iritsiko dira Oiartzungo mendizaleak. Arabako ekialdean dagoen herria, Mendialdeako eskualdean eta Arraia-Maeztuko udalerriaren barruan kokaturik dago. 952 metroko garaieran dago, Arabako bigarren herririk garaiena izanik Iturrieta ondoren. Garai batean garrantzizko herria izan zen, bertatik igaro baitziren Opakua eta Egileor mendateetako bideak.

Arabako paraje ederrak

Erroitegin hiru ordu eta erdiko zeharkaldiari (atsedenaldia barne) hasiera emango diote. «Pagadi ederrak zeharkatuta, Zanarriko gainean dagoen Santa Teodosia baselizara iritsiko dira. Han, zuhaitz singularra bezala katalogatutakoa dagoen lizar handi bat dago. Paraje ederra», gaineratu dute. Gero, soro eta belardiz inguratutako landa izaera duen Done Bikendi Harana herritik Oteo aldera joko dute, Antoñana herri gotortuan amaitzeko goizeko jarduna.

Mendizaleek, gero, autobusez Bilar herrian dagoen Viña Laguardia upeltegira joko dute. Hura bisitatuta, bertan bazkari eder bat egitea ere aurreikusi dute Giriziako arduradunek, urteko jardunari amaiera bikaina emateko.

Izena emateko ohiko tokietara jo beharko du mendizaleak: Amazkar tabernara edota Garmendi txokolategira. On line ere eman daiteke izena. Egun pasa 50 euroren truke egin daiteke, garraioa eta bazkaria barne.

Cuencan barrena

Urriaren amaieran eta azaroaren hasieran, Girizia Mendi Taldeko kideak Gaztela-Mantxako bazterrak ezagutzen ibili ziren. Cuenca aldera egindako irteeran 45 mendizalek parte hartu zuten. Eguraldia lagun, paraje ederrak bisitatu zituzten, hala nola: Palomera, Valdecabras, Majadas, Uña eta Cabeza Modorra.

Azkenik, hain ospetsua den Cuencako alde zaharra ere ezagutu zuten, etxerako bidea hartu aurretik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate