Borrar
Elena Zalakain eta Arantza Lekuona elkartea aurkezten. Jauregiaren barruan dagoen itogina.
'Oiartzungo ondarearen zaleak' elkartea aurkeztu dute

'Oiartzungo ondarearen zaleak' elkartea aurkeztu dute

Arantza Lekuona eta Elena Zalakain irakasle oiartzuarrak dira egitasmoaren bultzatzaileak

GOIZARIN

Sábado, 5 de noviembre 2016, 00:30

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Pasa den asteazkenean, azaroaren 2an, Oiartzungo Manuel Lekuona aretoan "Oiartzungo ondarearen zaleak" elkarte sortu berria aurkeztu zuten Arantza Lekuona eta Elena Zalakain oiartzuarrek. Azalpenaren hasieran Oiartzungo plaza inguruaren azken urteotako bilakaera urbanistikoa azaldu zuten, egun duen itxura eta egoera azpimarratuz.

Haien iritziz balioan jarri gabeko gunea da (etxe eta lokal hutsak, errepidez inguratuta, denda gutxi, harrizko horma dotoretan egindako pintadak...), nahiz eta Erdi Arotik egun arteko ondarearen elementu ugari bildu (Doneztebe eliza, San Juan kapera eta kalea, Mendiburu kaleko etxeak, Arpidenia, udaletxea, Fermiñene, Indiano enea, Egia-enea, Arizmendi eta Ibargain jauregiak).

Antolatzaileen ustez Oiartzungo «kaleak» potentzial handia du turismo kulturalaren aldetik. «Azken urteotan bailaran hainbat proiektu garrantzitsu garatu dira, hala nola Arditurri eta Luberri interpretazio guneak, Herri Musikaren Txokoa, Beloaga gazteluaren ikerketa eta biziberritzea, baina ez dago herriaren erdialdean dauden monumentuak bisitatzeko aukera antolaturik ezta turismo bulego egonkorrik ere», gaineratu zuten.

Dinamizazio kulturala

Hortaz, bi irakasleak hasi dira elkarrekin lanean Oiartzungo dinamizazio kulturala bultzatzeko ekitaldi ezberdinen bitartez. Aurkezpenaren bigarren partean, elkarte berriaren helburuak azaldu zituzten: «Oiartzunen dagoen Arizmendi enea etxea bere horretan zaintzea dituen elementu originalekin eta zaharberritzea publikoari ireki ahal izateko eguneroko bizitzaren eta historia 'txikiaren' museo bezala, bailarako historiaren eta memoriaren inguruko interesa sustatzeko jarduerak antolatzeko. Etxe horrekin eta alde zaharrarekin lotura izan ditzaketen dokumentu edo aipamen historikoak ikertzeko eta hedatzeko; azkenik, herriko ondarea katalogatzeko lana bultzatzeko eta ezagutzera emateko».

Horren ondoren, etxeari eta bertan bizi izan ziren familiei buruz orain arte aurkitu duten dokumentazioak eskainitako informazioak laburbildu zituzten. Batik bat Arizmenditarren garaian egindako kapera txikia aipatu zuten zeinen diseinatzailea GATVPACko partaidea izan zen Juan Jose Olazabal arkitektoa, esan zutenez Gemma Domenechen hitzetan (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle ohia) «gerraren ondorioz galdutako errepublikako arkitekto gazte interesgarrienetakoa».

Arizmendi enea etxea

Aurkezpen horretan, orain arte Arizmendi enearen inguruan emandako urratsak ere azaldu zituzten, haren egoeraren larria dela eta. «Etxe hori 2013tik aurrera udalaren jabegoa da eta hiru urtetan kalteak gertatu dira; ordura arte udara pasa-tzeko ongi zaindutako etxea zena teilatuan dituen apurketak eta itoginak hondatzen hasia da eta lorategia guztiz abandonatuta dago», azpimarratu zuten.

Alkatearekin bildu dira egoeraren berri emateko, baita laguntza eskaintzeko ere. Horrela espezialistekin kontsulta ugari egin dituzte. Besteak beste, bi irakasleak bildu dira ondasun historikoa berregitean aditua den Gloria Aristegi arkitektoarekin; Lola Rodriguez, EHUko zaharberritze katedradunarekin, eta Alfredo Gil paper pintatuetan adituarekin. Haren esanetan, «etxeko papera XIX. mendekoa da eta oso ongi kontserbatua dago». Era berean, Bilboko Euskal Museoko eta San Telmoko altzari zahar berritzaileen bisitak hitzartuta daudela gaineratu zuten. Gainera, Kusnthall diseinu eskolako lorategi diseinuko hainbat irakaslek galdetu diete ea etor daitezkeen ikasleekin batera, «beti Iparraldera joaten ibili gabe». Lekuona eta Zalakain irakasleak ere ikertzen aritu dira artxibo ezberdinetan (Oiartzungo, Irungo eta Hondarribiako artxiboak, Oñatiko protokolo artxiboa, Granadako artxiboa beste batzuen artean) eta horietan topatutakoa kontatu zuten arin.

Udalaren arduradunak erantzun baikorra eman diela ere azaldu zuten, batetik ikuskaritza teknikoa enkargatu eta egin dela eta bestetik, igeltsero talde bati enkargatu diela kalteak saihesteko gutxieneko lanak egitea.

Elkartearen asmoak

Azkenean, Arizmendi enearen inguruan elkarte berriak dituen asmoak azaldu zituzten: lorategia bere ezaugarriekin zaharberritzea eta publikoari irekitzea; etxeko 'garajea' erabilera anitzetarako prestatzea; etxeko sarrera turismo bulegorako erabiltzea eta etxean museoa eta aldizkako erakusketa-gelak atontzea. «Hainbat geletan altzari interesgarriak, paper pintatuak, lanparak, lorategiko axuleiuzko frisoa XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako eraginak eta modak erakusten dituzte eta horregatik ezinbestekoak dira garai horietako historia ezagutzeko», zehaztu zuten. Era berean, «beste gela batzuetan aldizkako erakusketak, edo beste gai batzuk azaltzeko presta daitezke: memoria historikoa, belaunaldi ezberdinetan euskararen inguruko lanak (lehen berpizkundea DAbbadie, Toribio Alzaga, Lauaxeta, bertsolaritza, 60ko hamarkada Oiartzunen, Xabier Lete, Intxixu antzerki taldea, Antton Valverde...), emakumeak eta desberdintasun sozialak (inudeak, neskameak...)», proposatu zuten.

Bukaeran musutruk jasotzen ari diren aholkularien eta espezialisten laguntza eta motibazio iturburuak izendatu zituzten: Iñaki Garrido, genelogista; Xabier Kerexeta, ondasun historikoaren kudeaketan aditua; Koro Paskual, Oiartzungo artxibo arduraduna... «Eskertuta gaude bat egin baitute asmo honek duen interes kulturalean». Eta amaitzeko, berriro azaldu zuten Arizmendi enea etxean lehen bait lehen premiazko lanekin hasi beharra dagoela, teilatuan batez ere, «negua inguratzen ari zaigun honetan».

Elkarteko arduradunekin hitz egin nahi dutenek kalekoondarea@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios