Diario Vasco

'Gau Beltza' jendetsua hirugarrenez, Abaraxka ludotekaren eskutik

Kontzeju atzeko plazan jarri zuten hitzordua Gau Beltza hasteko.
Kontzeju atzeko plazan jarri zuten hitzordua Gau Beltza hasteko. / ARGAZKIAK GOIZARIN
  • Goiatz Labandibar idazleak prestatu du aurtengo festaren gidoia

Astelehen ilunabarrean ospatu zen herrian «Gau Beltza» hirugarrenez, Abaraxka ludotekaren eskutik. Herriko ttiki eta gaztetxoek euren gurasoekin zuten hitzordu magikoa Abaraxka ludotekan, iluntzeko 19:30ean. Arimen Gaua ospatzeko asmo garbia zuten den-denek. Etxetik mozorrotuta etorri ziren gehienak, zein baino zein luzituago. Horretarako, Kontzejupe atzeko plaza ere ederki atondua zegoen.

Iluntzeko 19:30ean eman zioten hasiera festari. Soinuenea-Herri Musikaren txokoko txalapartariek jarri zuen soinua eta orduan sua piztu eta afari-merienda egin zuten guztiek, etxetik ekarritakoarekin sabela berdinduz. Suaren inguruan eserita zeudela, herriko haur eta gaztetxoek euren beldurrak idatzi zituzten propio jarritako mahai batean eta gero surtara bota zituzten den-denak. Horren ondoren, hasi zen ikuskizuna. Haurrak eta haien gurasoak bi multzotan banatu zituzten eta Txinalka antzerki taldeko hiru aktorek gidatuta, herrian zehar ibilaldia hasi zuten. Ibargain lorategian egin zuen lehen geldiunea talde batek; bestea, berriz, Labadero aldera joan zen. Hantxe entzun zituzten hainbat istorio, herriko gazte antzerki eskolako kideen eskutik. Gero, denak Arizmendi-eneako lorategian elkartu ziren, hirugarren geldiunea egiteko. Hango familiaren historia ezagutu ondoren, denak Doneztebe plazara abiatu ziren. Han suzko malabareekin gozatu zuten haurrek nahiz helduek.

Suzko akerra

Azkenik, suzko akerra paseatu zen herriko plazatik barrena, «Gau Beltzari» merezitako amaiera emateko. Aurtengoa, gainera, musikaz girotua. Izan ere, Aitor Arozena txistulariak abesti propioa sortu du eta estreinekoz pasa den astelehenean jo zuen etxeko txikien laguntzaz.

Primeran beste behin ere Nekane Martiarena eta Abaraxkako hezitzaile taldea, baita Lur Kortak gidatzen duen antzerki eskolako aktoreak, Txinalka taldeko Pili Arbelaitz, Amaia Ibarguren eta Udane Altuna eta Haurtzaro malabar taldea ere. Hirugarren 'Gau Beltza' arrakastatsua izan da herrian, ezbairik gabe. Umeek nahiz gaztetxoek izugarri gozatu dute propio prestatu eta berreskuratutako jaiarekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate