Diario Vasco

Hirugarrenez, 'Gau Beltza' izango da astelehenean

  • Bihar arratsaldean ludotekan elkartuko dira prestaketa lanekin hasteko arratsaldeko 16:30ean

Hirugarrenez, aurten ere Abaraxka ludotekak 'Gau Beltza' antolatuko du urriaren 31n. Horretarako, bihar arratsaldean ludotekan elkartuko dira prestaketa lanekin hasteko, arratsaldeko 16:30ean. "Mozorroak egin, girotzen hasi, aurreko urteetako bideoak ikusi... horretan arituko gara bihar", zehaztu dute antolatzaileek. Datorren asteleheneko antolaketa bideratuko dago, hortaz. «Arratsaldeko 19:30etik aurrera ludotekako plazan elkartuko gara eta 'Gau Beltza' ospatuko dugu. Egun horretan garrantzi berezia emango diogu janzkera edo mozorroari», azpimarratu dute. Izan ere, ahalegin berezia egin nahi dute kontsumismoa saihesteko. «Mozorroak erostea, halloween mozorroak eta elementuak (igitaia, odola, heriotza sinbolizatzen duten ezaugarriak, labanak, maskarak...) baztertu nahi ditugu», nabarmendu dute.

Abaraxka ludotekako arduradunek astelehenerako prestatu nahi dituzten mozorroak ezaugarri finko batzuk izango dituzte. Etxeko edo garai bateko arropa zaharrak, maindire zatiak, koadrodun zapi eta alkandorak, lastozko txapela, aurpegia estaltzeko oihalak... erabiltzeko apustua egingo dute.

Arestian aipatu bezala, Gau Beltza urriaren 31n hasiko da ilunabarreko 19:30ean, txalaparta soinuek lagunduta. Suaren inguruan eserita, bakoitzak bere etxetik ekarritakoa afalduko dute. Horren ondoren, «gure beldurrak surtara botako ditugu».

Gero, 20:30ak aldera, herriko antzerki taldeko lagunek gidatuta herrian zehar ibilbidea hasiko da. Bukaerarako sorpresaren bat ere iragarri dute antolatzaileek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate