Diario Vasco

Carles Beldak eta Jon Elizaldek Udazkeneko kontzertua eskainiko dute gaur

  • Kontzertu didaktikoa goizeko 11:30ean izango da; arratsaldekoaren ondoren afari musikatua egingo da bi musikariekin

Soinuenea Fundazioak antolatuta, Ergoiengo Auzokalte Elkartean Udazkeneko Kontzertua egingo da gaur, arratsaldeko 18:30ean hasita.

Euskal Herritik kanpoko herri musika ordezkatuz, Kataluniako Carles Belda dator. Akordeoi jolea bere herrialdean erabiltzen den akordeoi mota batekin ariko da, Euskal Herriko soinu txiki edo trikitiaren gertuko senidea den akordeoi batekin.

Haren ondoren, Jon Elizaldek hainbat musikari lagun dituela Euskal Herrian berpizkundean egiten zen musikari buruz egin duen lana aurkeztuko du.

Kontzertuaren ondoren, afaria izango da Auzokalte Elkartean. Kontzertuko sarrera 5 eurotan salduko da; sarrera eta afaritako txartela, berriz, 20 eurotan. Erreserba egiteko Soinueneara deitu behar da.

Kontzertu didaktikoa

Eta herriko ttikiek ere izango dute euren tartea gaur goizean, haurren kontzertu didaktikoa Soinuenea-Musika Txokoan, 11:30etik aurrera. Jon Elizalde musikariak haurrei zuzenduta prestaturiko saioan XV. eta XVI. mendeko euskal musikari buruz egin duen ikerketa oinarri hartuta garai hartako musika nolakoa izan zitekeen azalduko du. Saioa dohainik izango da.

Soinuenea Fundazioa 2002an hasi zen antolatzen kontzertu hauek, urtero lau: urtaro bakoitzean bat. Saio bakoitzean Euskal Herriko herri musika talde batek eta kanpoko beste batek parte hartzen dute.

Kontzertu didaktikoak antolatzen, berriz, 2012an hasi zen Soinuenea, sortu eta hamar urtera. Gerora, Abaraxka ludotekarekin elkarlanean hasi ziren eta hilero ekintza bat prestatzen dute elkarlanean haur eta gurasoentzako: kontzertu didaktikoak; dantza, kantu edo tresna tailerrak...

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate