Diario Vasco

Kalejira ederra 50. urteurreneko ospakizunak hasteko

Haurtzaro Ikastolako gaur egungo ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak eta ikasle eta langile ohiak atera ziren kalejiran Ikastolatik plazara.
Haurtzaro Ikastolako gaur egungo ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak eta ikasle eta langile ohiak atera ziren kalejiran Ikastolatik plazara. / GOIZARIN
  • Urteurren festa nagusia datorren igandean ospatuko du Haurtzaro Ikastolak

Haurtzaro Ikastolak 1967ko urriaren 16an hasi zuen bere ibilbidea 18 ikaslerekin, Arantza Madariaga eta Ines Olaziregi oiar-tzuarrak andereño zituela. Mende erdi geroago, Haurtzaro Ikastola irakaskuntza kooperatiba integrala da eta Ikastolen Elkarteko partaide, 0 eta 16 urte arteko 1.007 ikasle ditu eta 121 langile (horietatik 90 irakasle).

50 urteko ibilbide luze hau ospatu eta ikastolarekin zerikusia duten pertsonei eskerrak emateko helburuarekin, Haurtzaro Ikastolak hainbat ekintza antolatuko ditu 2016-17 ikasturtean zehar. Hasteko, atzo kalejira egin zuten Haurtzaro Ikastolako gaur egungo ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak eta ikasle eta langile ohiak Ikastolatik plazara. Gela bakoitzak, pankarta baten bidez, promozio bat irudikatu zuen. Musika eta dantza lagun igo ziren Doneztebe plazara.

Bertan, Haurtzaro Ikastolako 50. urteurrena kanta abestu eta dantzatu zuten eta argazkiak atera. Gero, Ikastolara itzuli ziren Julian Lekuona abeslariak sortutako 'Zorion abestia' kantatzera. «Badakigu Haurtzaro/zuretzako dela/egun pozgarria, benetan handia/berrogei eta hamarrak bete dituzu laguna/bihotz-biho-tzez esaten dizut/zorionak kuttuna», zioen abestiak. Azkenik, bizkotxo ederra jan zuten ikasle nahiz irakasleek ikastolaren omenez.

Igandean, festa

Datorren igandean, hilak 23, 50. Urteurren Festa antolatu du Haurtzaro Ikastolak. Besteak beste, Haur-tzaro Ikastolako atea zabaldu zuten bi andereñoak eta 16 familiako gurasoak omenduko dituzte, Doneztebe plazan.

Argazki-erakusketa, mutxikoak, jolasak, puzgarriak.. denetik izango da igandean, goizean zehar. Bazkari erraldoia ere iragarri dute, norberak etxetik eramandako jakiekin noski. Arratsalde partean ere ez da aspertzeko betarik izango. Izan ere, pailazoak, familia jolasak, buruhandiak, txokolate jatea, dantzaldia, zezensuzkoa... izango dira.

Sorkunde Lekuona zuzendariak zioen moduan, «lagun zaharrekin elkartu eta ongi pasa nahi baduzu, ospatu dezagun Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrena guztiok elkarrekin». Ez huts egin!

Hasierako ikasleak

Hona hemen Haurtzaro Ikastolako lehen ikasleen izena-abizenak: Maite Arbelaitz, Maite Arbide, Miren Arruabarrena, Iñaki Bergaretxe, Gemma Claveras, Lide Martiarena, Amaia Esnaola, Sorkunde Lekuona, Jaione Mendarte, Pello Mitxelena, Jose Mari Ormazabal, Susana Ostolaiz, Joxe Rekalde, Sorkunde Sarasti, Itziar Claveras, Kepa Labandibar, Sabino Lopez eta Jon Zalakain.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate