Diario Vasco

Haurtzaro ikastola, mende erdia herrian erroturik

Haurtzaro ikastolako hasierako ikasleak duela 50 urte egindako inaugurazio ekitaldian.
Haurtzaro ikastolako hasierako ikasleak duela 50 urte egindako inaugurazio ekitaldian.
  • Ospakizunak datorren astelehenean hasiko badira ere, egun osoko jaialdia hilaren 23an izango da

Aurten 50 urte betetzen ditu Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak. Hain zuzen ere, lehen klasea 1967ko urriaren 16an eman zuten Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi bi andereñoek.

Haurtzaro Ikastola 16 familia eta bi andereño horien «borondate eta ausardiari» esker sortu bazen ere, 50 urte hauetan, Oiartzungo familia gehienen txikitako etxe izan da. Mende erdi honetako ibilbidea «guraso guztien ekarpenei, irakasleen inplikazioari eta erakundeen laguntzari esker gauzatu da. Guztion ahalegina eta borondatea eskertzeko asmoz, denon artean ospatuko ditugu Haurtzaro Ikastolaren 50 urteak», adierazi du Sorkunde Lekuonak, Haurtzaro ikastolako zuzendariak.

Oroitzapenen kutxa

Ikastolako urteak «bizitzako lehen urteak dira, lehen harremanak, barreak, haserreak, jolasak... Hantxe gordetzen dira gure lehen oroitzapenak. Ikastolako hormak hainbat istorio eta bizipenen lekuko izan dira. Horma horiek ehunka haur ikusi dituzte barrez, korrika, negarrez, jolasean, urduri, pozez gainezka, saltoka, eskutik helduta... Horma horiek gordetzen dituzte euren sekreturik handienak, lehen muxuak, tranpak, beldurrak... Horma horiek ikusi dituzte handitzen», nabarmendu du Lekuonak.

Izan ere, «ikastola da gure lehen oroitzapenen gordeleku, oroitzapenez betetako kutxa bat. Aurten, ikasle, guraso eta langile ohien bizipenen eta ametsen oroimen kutxak zabalduko ditugu. Oroitzapenak Ikastolako lagun zaharrekin eta irakasleekin elkar banatzeko uneak izango dira eta bizitakoa harrotasunez gogoratzekoak», azpimarratu du.

Haurtzaroko zuzendariak adierazi du gaur egungo ikasle eta gurasoez gain, ikasle eta langile ohiak ere jaialdietara hurbiltzea gustatuko litzaiekela. «Euren gaztaroa gogoratzea. Horretarako, kontuan izan Facebook-en ikasle ohien taldea ere sortu dugula, bertan lagun zaharrak topatzeko eta oroitzapenak partekatzeko».

Ikasturtean 3 garai nagusi

50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak urte osoan zehar izango badira ere, nagusiki hiru garai bereizi dira. Alde batetik, ikasturte hasieran egingo den kalejira eta hilaren 23ko jaialdia. Bestetik, Gabonetan izango du jarraipena, kanpoan dauden ikasle ohiak ere Ikastolako ospakizunetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Azkenik, ikasturte amaieran jaialdi berezia antolatuko dute, «festa berezia izango da, Ikastolaren ibilbidean gogoan geratuko den horietako bat, 1992ko eta 2004ko Kilometroak modura».

Horrez gain, «Inauterietan, Korrika-n eta urteko beste garai batzuetan ere antolatuko ditugu zenbait ekintza», aditzera eman du Lekuonak.

Ikasturte hasierako jaiak

Ikasturte hasiera honetan antolatuko dituzten bi ekintzetan, bereziki gogoratu nahi dute 1967ko urriaren 16a, orduan ireki baitziren Haurtzaro Ikastolako lehen gelako ateak, Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi andereñoen eskutik. Hortaz, datorren astelehenean, hilak 17, Kalejira egingo dute. «Haurtzaro Ikastolako gaur egungo ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak eta ikasle eta langile ohiak kalejira egingo dugu Ikastolatik plazara. Bertan, Haurtzaro Ikastolako 50. urteurrena kanta abestu eta dantzatuko dugu eta argazkiak atera. Gero, Ikastolara itzuliko gara Ikastolari 'Zorionak zuri' abesteko eta festarekin jarraitzeko», argitu du zuzendariak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate