Diario Vasco

560 ikasle arituko dira eskolaz kanpoko ekintzetan Haurtzaron

Haurtzaro ikastolako monitore taldea.
Haurtzaro ikastolako monitore taldea. / GOIZARIN
  • Urriaren 3an eman diete eskolaz kanpoko jarduerei hasiera eta ekainera bitarte buru belarri ariko dira lanean

Pasa den urriaren 3an jarri ziren martxan Haurtzaro ikastolan ikasturte honetarako prestaturiko eskolaz kanpoko ekintzak, ohi bezala, eskolordutik at izango direnak. Betiko ikasgaietatik aparteko ekintza horiek guztiak ikastolako hezkuntza integralaren barruan kokatuak eta bertako proiektuarekin txertatuak daude aurrenekotik azkenekoraino. Beraz, eguneroko ikastolako jardueraren osagarri eta aberasgarri izango diren ekintzak dira.

Aukera luzea bezain zabala da aurten ere ikastolak eskaintzen duena, Alaitz Bergaretxe, koordinatzaile orokorrak adierazi digunez. Bi esparru handitan banatu daitezke ekintzak. Batetik Kirol ekintzak, eta bestetik Kulturarekin loturikoak.

«Aurten 560 ikasle ari dira parte hartzen eskolaz kanpoko ekintzetan, Haur Hezkuntzan hasi (4 urterekin ekintzaren baitan) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailararte», zehaztu du.

Kirol mailakoen artean hauek dira nabarmenenak: Atletismoa, gurpil gaineko irristaketa, Kenpo, xakea eta eskola kirola. Kirol arloko ekintza horietan 16 monitore ari dira lanean.

Kultur mailako ekintzek ere badute arrakastarik eta erakargarritasunik. Euskal dantza, bertso eskola, eskulanak, malabareak, dantza garaikidea, dantza txapelketak, abesbatza, antzerkia, trikitixa eta panderoa, jolas txokoa, musika tailerra, jolas txokoa, robotika... ez da makala ikastolak eskaintzen duen aukera. Hau guztia martxan jartzeko 23 monitore ari dira lanean ikasleekin.

Eta aurten ere, zenbakiei begiratzen badiegu, aurtengo ekimen hauek ikasleen artean sekulako arrakasta izan dutela esan beharrean gaude. Izan ere, 560 ikaslek eman dute izena ekintza horietan guztietan parte hartzeko.

39 monitore martxan

Proiektu erraldoi hau aurrera ateratzeko, Alaitz Bergaretxek 39 monitore jarri ditu martxan. Horretarako, ikastolako zuzendaritzaren, eskolaz kanpoko ekintzen lan taldearen eta gurasoen laguntza izango du koordinatzaile orokorrak ikasturtean zehar. Lan talde sendoa ari da lanean, beraz, ikastolan azken urteetan. Horregatik, urtez urte ari da hobetzen ekintza horien eskaintza eta aurreko urteko esperientzia lagungarri izaten ari da ikasturte berrietarako.

«Azpimarratzekoa da monitore horiek egiten duten lana ikasturte osoan zehar, bakoitzak bere espezialitatean. Ikasleak ere oso gustura dabiltza eta horren adibide da ikasturtero partaide kopurua haundituz doala», nabarmendu du Bergaretxek.

Ekintza hauek ikasturtearekin batera amaitzen badira ere, zenbait erakustaldi, saio, jaialdi eta txapelketatan ere parte hartzen dute ikasturtetik at ikastolako ikasle hauek. «Jarduera gehienekin ahalegintzen gara gela barruan egindako lanak kaleratzen. Ohikoa dugu Ikastolaren egunaren ospakizunaren bueltan egiten diren erakustaldiak, baita ikasturtean zehar egiten direnak ere; musika kontzertuak, dantza emanaldiak, bertso saioak, antzezlanak esate baterako eta baita asteroko eskola kiroleko jardunaldiak eta atletismoko frogak ere besteen artean», azpimarratu du Bergaretxek.

Aurten, gainera, «Haurtzaro ikastolaren 50. urteurrena ospatzen dugula eta, berezia izango da eskolaz kanpoko ekintzetan ere», nabarmendu du.

Nahi duenak izan du, hortaz, non zer aukeratu. Haur eta gaztetxoenentzat telebista, ordenagailua eta mobilaren arrastotik tarteka ateratzeko abagune polita dela uste dute ikastolako arduradunek, baita ikasleen guraso askok ere.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate