Diario Vasco

XII. Garagardo Festa, datorren asteartetik igandera bitartean

  • 16 garagardo ezberdin probatzeko aukera izango da aurtengo aurtengo azokan

Datorren asteartetik igandera bitarte, Elizalde auzoko Doneztebe plazan jarritako karpan Oiartzungo Garagardo festaren hamabigarren aldiari ekingo zaio. Egunero arratsaldeko 19:00etatik goizaldeko 01:00era egongo da zabalik azoka. «Asteazkenean, urriak 12, eta larunbatean, urriak 15, arratsaldeko 18:00etan zabalduko dugu karparen atea», argitu dute antolatzaileek.

Oiartzungo plazara bertaratzen diren lagunek 16 garagardo ezberdin probatzeko aukera izango dute, besteak beste, garagardo zuria, horia, gorria, beltza, iluna eta alkoholik gabekoa. «Aurten gluten gabeko garagardorik ere ez da faltako azokan. Euskal Herriko eta Bretainiako garagardoekin batera Kataluniakoa eta Galiziakoa ere jarriko ditugu probatzeko, baita belgiarra, txekiarra, alemaniarra eta ingelesa ere», zehaztu dute.

Afaltzeko egokiera ere izango dute plazara inguratzen direnek. Aukeran jarriko dituzte ukondoa, saltxitxak, saiheskia, entsalada, gazta eta irasagarra eta ijito-besoa (produktu gehienak herriko ekoizleei erosiak).

Eta karpako giroa alaitzeko zuzeneko musikaz gozatzeko parada izango da. Gainera, aurten ere, zozketa bereziak antolatu dituzte egunero gaueko 22:00etatik 23:00etara. «60 saritik gora zozkatuko ditugu», adierazi dute.

Landetxe plazan animazioa

Herriko haurrek ere izango dute euren tartea larunbatean, urriak 15, arratsaldeko 17:00etan hasita. «Puzgarriak eta txokolate jatea prestatu dugu herriko ttikientzat», azpimarratu dute.

Bestalde, Landetxe plazan izango da animazioa egun horietan guztietan, Laia tabernaren eskutik. Urriaren 12an, 12:00etan Haurtzaro Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du; urriaren 13an, pintxo-pote alemaniarra izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera; urriaren 14an, The Crockets Beatles Tribute Band taldearen saioa hasiko da arratsaldeko 19:30etik aurrera; azkenik, urriaren 15ean Ibargain Musika eskolako Bat Batean taldearen emanaldia izango da 12:30ean aurrera.

Urkabeko I Igoera

Intxixu Trail-Girizia Mendi Lasterketa Taldeak antolatuta, Urkabeko I. Igoera egingo da datorren urriaren 15ean, arratsaldeko 17:30ean. Lasterketa motz bezain gogorra izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Izan ere, 1,6 kilometroko ibilbidean 191 metroko igoera metatua izango da.

Irteera ofiziala Gaetxen (Bidegorrian, skate park-aren aldamenean) izango da, baina 10-15 minutu lehenago Elorsoro kiroldegitik irteera neutralizatuan joango dira korrikalari guztiak irteera gunera.

Izen ematea www.herrikrosa.eus helbidean egin daiteke, 5 euroren truke. Egunean bertan ere aukera izango da, 16:30etik 17:00etara Elorsoro kiroldegian. «Izen ematearekin batera, korrikalari bakoitzari oroigarri bat emango zaio eta lasterketa bukaerako luntxerako zein kiroldegiko dutxak erabiltzeko eskubidea izango du (20:00 arte)», diote.

Antolatzaileek animatzeko eta igoeran parte hartzeko deia zabaldu dute. «Eta gero, gozatu Oiartzungo Garagardo Festan».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate