Diario Vasco
Gaztetxoak barazkiak sailkatzen.
Gaztetxoak barazkiak sailkatzen.

Egitasmo berriak ditu eskuartean Arraztalo elkarteak

  • Buru Osasunaren Nazioarteko egunean ez du kanpaina berezirik egingo Arraztalo elkarteak, eguneroko lana baita kanpaina hoberena

Irailarekin batera ekin zion berriro lanari Arraztalo elkarteak. «Bai halaxe da, irailean ekiten diegu berriro hasita ditugun egitasmoei. Era berean, aurten baditugu proiektu berriak ere», adierazi du Jon del Olmo arduradunak.

Datorren astelehenean, hilak 10, Buru Osasunaren Nazioarteko eguna dela eta Jonekin bildu gara eskuartean dituzten proiektuen berri emateko. «Beste urtetan kontzertuak eta hitzaldiak antolatu izan ditugu, egun horren harira, baina aurten nahikoa dugu martxan ditugun egitasmoekin», azpimarratu du. «Buru Osasunaren Nazioarteko eguna sentsibilizaziorako aitzakia ona izaten da, baina guretzako hobea da eguneroko lana. Pixkanaka-pixkanaka gaixotasun psikikoa duten pertsonak gizartean eta lanean integratzea lortu behar dugu, bai kanpaina orokorrak eginez, baita herrietan eta auzoetan egunez egun pertsona hauen parte-hartzea bultzatzen», nabarmendu du.

Gaur gaurkoz, Arraztalo elkartean lau egitasmo ditu esku artean. «Baratza ekologikoekin, gizarte integrazioa bultzatzeko nekazaritzan sortzen ditugu lanpostuak. Hiru baratza ditugu martxan (Ergoienen, Altzibarren eta Elizalden) guztira 9000 metro koadro. Orain, Oiartzungo Udalak martxan jarri duen Lurbizi programaren baitan, 6000 metro koadroko beste baratza bat lortu dugu Makutso baserriaren inguruan. Bidegorriaren bazterrean dago, eta aukera ezin hobea izango da gure lana ikusarazteko. Hori lantzeko berriz, langile gehiago behar ditugu. Irailean laugarren langile batekin taldea osatu dugu, monitorearekin bost dira beraz», adierazi du.

Unitate didaktikoa martxan

Bestalde, Kontsumo taldea osatzen duten familiak gero eta gehiago dira. «Uda aurretik taldeak 36 partaide zituen, eta udazkenerako 40ra heltzeko helburua jarri genuen. Urrirako ordea, 40 partaidera iritsi gara», dio pozik. «Taldekideek txandaka arrautzen banaketa eta eskaerak egiteko ardura euren gain hartu dute. Horrek duten konpromezua erakutsi digu».

Unitate didaktikoa ere martxan jarriko du elkarteak. «Bi urtez gaixotasun psikikoa eskoletan lantzeko unitate didaktikoa lantzen aritu ondoren, ia prest dugula esan dezakegu. Inprentara bidali dugu eta laster aurkezpen publikoa egiteko moduan izango gara», adierazi du. «Arraztalon ez gara gaixotasun psikikoan adituak, baina gure esperientziatik, eskoletan zer kontatua eta azaldua badugula uste dugu. Hori egiteko erreminta izango da 'Isiltasuna Hautsi' programa».

Unitate didaktikoa irakasleentzat prestatua dago, gaixotasun psikikoa eta buru osasuna ikasgelan lantzen laguntzeko. Arraztaloren webgunean unitate didaktikoa zintzilikatuko dute, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin. Bertan material gehigarria ere zintzilikatuko dute, bideoak eta beste elkarteek garatutako materialak, besteak beste.

Tailerrak Oarsoaldean

Azkenik, urtea amaitzerako gaixotasun psikikoari buruzko tailerrak prestatzeko helburua du elkarteak. «Azaroa eta abendurako tailer irekiak prestatzen ari gara, herritarrekin gaixotasun psikikoaren gaia lantzeko. Urteroko hitzaldiak antolatu baino, aurten nahiago izan dugu herritarrei gaixotasun psikikoari buruz hitz egiteko aukera ematea», azaldu du Jonek. Bi orduko saioak egingo dira Oarsoaldeako herri bakoitzean, dinamikoak eta parte-hartzaileak. Gaixotasun psikikoa duten pertsonek egunero dituzten zailtasunak hizpide hartuta, Arraztalo eta Aldura elkarteetatik haien iritzia emango dute, baina batez ere tailerretan parte hartzen duten pertsonen iritziak entzun nahi dituzte. «Gure inguruko gaixoen testigantzak irakurri eta entzuteko aukera ere izango dugu».

Egitasmo horiez gain, beste lanak egiten ere jarraitzen du Arraztalo Elkarteak. «Hor ditugu, besteak beste, Enplegu Zentro Bereziaren diseinua, eta Zigilu Ekologikoaren ziurtapen prozesua amaitzea».

Buru Osasunaren Nazioarteko egunean ez du kanpaina berezirik egingo Arraztalo elkarteak. Izan ere, «eguneroko lana baita kanpaina hoberena».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate