Diario Vasco
Bisita gidatuak musikatuak izango dira.
Bisita gidatuak musikatuak izango dira. / GOIZARIN

San Estebango organoa eta kanpaiak ezagutzeko bisita gidatuak, bihar

  • Bisita gidatuak eta musikatuak izango dira. Gida lanetan, Anton Mendizabal eta Joseba Zabaleta arituko dira

Bihar, hilak 8, San Esteban parrokiako Cavaillé-Coll organoa eta kanpaiak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira, Soinuenea Fundazioaren, Cavaillé-Collen Lagunak elkartearen eta Oiartzungo ezkila joleen eskutik.

Bisita gidatuak goizez, 11:00etan eta 12:00etan, eta arratsaldez, 16:30ean eta 17:30ean, izango dira. Bisitak 50 minutuko iraupena izango du eta aurrez erreserba egiteko aukera dago 943 49 35 78 telefonora deituta. Bisita bakoitzean gehienez ere 20 lagunek parte hartuko dute.

Bisita gidatuak eta musikatuak izango dira. Gida lanetan, Anton Mendizabal eta Joseba Zabaleta arituko dira. Organistak Esteban Agirre eta Begoña Bergaretxe izango dira; txistulariak Aitor Arozena eta Jon Ansorena, eta kanpai joleak Joxe Mari Egues, Larraitz Mitxelena, Lorena Zalakain eta Zabaleta bera.

Iosune Cousillasek, Kultura zinegotziak, herriko ondarea ezagutzera emateko antolatutako saio hauek nabarmendu ditu, herritarrak hain ezezaguna eta oiartzuar guztiona den historia eta kulturaren altxor ezagutzera bultzatuz. Era berean, antolatzaileei eskerrak eman dizkie, herriko ondarea ezagutzera emateko egiten ari diren lanarengatik.

Cavaillé-Coll organoa

Organogileak eta adituak Oiartzungo organoari egin dizkioten azterketak bere primitibotasuna erakusten dute, eta zalantzarik gabe, Cavaillé-Collen lehenengo lanetako bat dela esan daiteke, agian 1843koa edo lehenagokoa.

Klasiko eta erromantiko garaien artean kokatu daiteke organo hau, trantsizioko organoa da. Badu oraindik ere aurreko garaietako egiteteknika eta soinu-estetikaren arrastorik, berritasun nabarien artean. Cavaillé- Collen organogintzako iraultza-garaiko izate horrek egiten du benetan berezi eta garrantzitsu. Oiartzungo Cavaillé-Coll organoa kalitate handikoa da, eta historikoa. Oso handia ez bada ere, soinu-kalitate aparta du, eta elizaren espazioa ongi menderatzen du. Honelakoak beste lau daude Europa osoan, monumentu historiko bezala izendatuak.

Kanpai dorreko hiru ezkilak

San Inazio, San Esteban eta ezkila handia dira kanpai dorreko hiru ezkilak. Lehenengo biak 1.681. urtean eginak izan ziren, eta hirugarrena 1669an. Garai hartan kanpai egilea bere familia eta guzti herriz herri joaten zen eskaeren arabera kanpaiak egiten. Lan tokia kanpai dorrearen atarian jarriz, artisauak lan egiten zuen kanpaiak bukatu bitartean.

Oiartzungo elizako kanpaiak, beraien inskripzioek dioten bezala, Quintana familiako kanpai egile famatuak eginak dira. Familia horretako kanpai egileak dagoeneko XVII. lanean ari ziren eta gaur egun era industrialean bada ere oraindik ere lan horretan dabiltza.

«Biharko, hilak 8, prestatu dugun egitarauan bi soinu-tresna hauen alde migratiboa landu eta erakutsi nahi da. Alde batetik, Parisetik Oiartzuna ekarri zen organo ibiltaria eta honek suposatu zuena gure herriko kulturan. Bestetik, elizako kanpai egileen bizitza ibiltaria», zehaztu dute antolatzaileek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate