Diario Vasco

Oiartzun taldeak puntu garrantzitsua ekarri du Tenerifetik, hiruna berdinduta

Peñak sartu zuen Oiartzun taldearen lehen tantoa.
Peñak sartu zuen Oiartzun taldearen lehen tantoa. / GOIZARIN
  • Minutu bat faltan lortu zuten berdinketaren gola oiartzuarrek, 'in extremis'

Oiartzun taldeak puntu garrantzitsua lortu zuen igandean, Tenerifeko Pablo Abril zelaian. Gari Argotek zuzentzen duen taldeak azken minutuan berdindu zuen Tacuenseren aurka 'in extremis' eta hirunako berdinketa jarri zuen markagailuan.

Partida indartsu hasi zuten Tacuenseko jokalariek. Oiartzun taldeari kostatu zitzaion bere jokoa egitea. Poliki-poliki, halere, lortu zuen aurrera egitea eta kanariarren atera iristea. Nolanahi ere, etxekoak hobeto kokatuta jokoaren jabe egin ziren eta 28. minutuan aurreratzea lortu zuten Reichelek sartutako tantoari esker, korner baten ostean. Etxekoek ez zuten amore emateko asmorik eta bi minututan bi tanto egin zituen Andreak. 3-0, zigor handia zen Oiartzun taldearentzat. Baina ez zegoen etsia hartzeko prest, hil ala biziko partida baitzen Oiar-tzunentzat. Horrela, lehen zatia amaitzear zela hasi zen jokoan hobetzen, Eguzkiñe Peñak sartutako tantoari esker.

Bigarren zatian, Oiartzun taldeak bereak eta bi egin zituen berdinketa lortzeko. Partidaren jabetza hartuz joan zen eta Carolek lortu zuen bigarrena penalti baten bitartez, 69. minutuan. Partida amaitzear zegoela, azken minutuan berdindu zuen Oiartzun taldeak bigarren penaltiari esker, Joana Arranzek gauzatuta. Azkenean, berdinketari esker (3-3) puntuen banaketa eta oiartzuarren helburua lortuta.

Hurrengo aurkaria, Betis

Honako hamaikakoa zelairatu zuen Argotek: Ane Otxoa, Nerea Abancens, Joana Arranz, Marina Agoües, Ainara Manterola (Quiñones, 85. m.), Carol González (Nerea Murua, 85. m.), Anne Mugarza, Jone Bilbo, Eguzkiñe Peña eta Silvia Ruiz (Nekane, 85. m.).

Anne Mugarza kapitaina oso pozik zegoen igandeko berdinketarekin. «Puntu bat lortu dugu 3-0-ko markagailua irauli ondoren, ez da gutxi. Lehen zatia oso txarra izan da guretzat baina bigarrenean suspertu gara eta berdintzea lortu dugu», zioen partidaren amaieran. «Bi taldeak paretsuak gara eta gaur puntu bat lortzea oso garrantzitsua izan da guretzat», aitortu zuen.

Hiru puntu batuta, bederatzigarren koskan dago orain Oiartzun taldea. Datorren larunbatean, hilak 8, lehen mailara igo berri den Betis taldea hartuko du Karla Lekuonan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Andaluziarrak hamalaugarren koskan daude, puntu bakarrarekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate