Diario Vasco

Aro berriaren hasiera Garmendi txokolategian

Eddu, Josebe eta Esti, Garmendi txokolategian.
Eddu, Josebe eta Esti, Garmendi txokolategian. / GOIZARIN
  • 22 urte ondoren, Josebe eta Estibalitz Iragorri Gaztañaga ahizpak agurtu eta Edurne Viñas Zapiraini ongietorria eman diote

Udazkenarekin batera iritsi da Garmendi txokolategia eskuz aldatzeko garaia. Atzo arratsaldean, hain zuzen, orain arteko nagusiek, Josebe eta Estibalitz Iragorri Gaztañaga ahizpek, festa goxo baten bitartez agurtu zuten 22 urtetan egindako ibilbidea eta, bide batez, ongi etorria eman zioten Eddu Viñas Zapirain gazteari, negozioan jarraituko duen iturrioztarrari.

Atzoko despedidan, oso hunkituta zeuden Iragorri ahizpak. «Oso eskertuak gaude 22 urte hauetan oiartzuarrek eman diguten konfian-tzagatik», zioten gozo. «Ederra izan da orain arteko ibilbidea. Gaurtik aurrera ere, esku onean geratuko da txokolategia. Txokolate eta gozo usain gozoarekin jarraituko du Garmendi txokolategiak, lasai egon». Eddu Viñas Zapirain iturrioztarra izango da negozioaren gidari berria.

«Giro paregabean lan egin dugu urte hauetan guztietan. Bai zahar, bai gazte, bai ume izan dira gure bezero eta harmonia izan da nagusi gure etxean», dio Josebek. «Denek izan dute txoko goxo bat gure artean», aitortu du. «Beti laguntzeko prest egon gara eta herritarrek izugarri eskertu digute». Gainera, «euskal giroa izan da nagusi Mendiburu kaleko txokolategian». Gazteekin tratu berezia izan dute Garmendiko alabek. «Herriko festetan ez ziren etxera joango gure txokolategitik pasa gabe. Txokolate gozoa hartu eta zin-tzo-zintzo joaten ziren etxera», gogoratu du Estibalitzek.

Argazki erakusketa

«22 urte hauetan gure bezeroen gustua egiten saiatu gara beti», diote harro. «Horrela lortu dugu bezeria mimatzea. Haientzat ahalik eta produktu onenak eskaintzen saiatu gara beti. Etxeko produktuekin egindako marmeladak, bizkotxoak... jarri ditugu gure bezeroen esku eta izugarri eskertu digute». Estimazio handiko gozo gauzak, ezbairik gabe. «Makina bat oiartzuarrek gosaldu du gure etxean», dio Estibalitzek.

Urte hauetan guztietan, berrikuntzak sartzeko apustua egin dute beti bi ahizpek. Oso ezagunak dira hilero txokolategian antolatu dituzten erakusketak. «Margolarien artelanak, eskulanak, argazkiak... denetik jarri dugu txokolategiaren paretetan», nabarmendu du Josebek. Horren seinale atzo inauguratu zuten Oskar Zapirain argazkilari oiartzuarraren argazki erakusketa, esate baterako.

Era berean, inork ez du ahaztuko urtero-urtero xanistebanetan ateratako argazkien erakusketa Garmendi txokolategian. «2004an hasi ginen eta izan zuen arrakasta ikusita, geroztik urtero jarraitu dugu ekimenarekin, hutsik egin gabe. Aldiro 700 argazki jartzen genituen zintzilik. Festak amaitzean, norberak bere argazkia jasotzen zuen». Makina bat herritar argazkien ispilu.

Garbiñe Lujanbiori eskerrak

Bi ahizpek ez dituzte ahaztuko urte horietan guztietan haiekin lan egin duten lagunak. «Garbiñe Lujanbio oiartzuarrak gurekin batera lan egin du azken 10 urteetan. Aurretik eta gero ere izan dira beste batzuk. Gurekin batera lan asko egin dute eta oso eskertuak gaude denekin», diote aho batez.

Orain Eddu Viñas Zapirain iturrioztarrak hartuko du txokolategiaren lema. «Ilusio gaitzarekin hasi da eta orain arte egindako bidea jarraituko du, berrikuntza batzuk jarriko dituelarik martxan», aurreratu du Josebek.

Atzoko jaia Josebe eta Estibalitz agurtzeko eta Edduri ongietorria emateko baliatu zuten Garmendi txokolategiko bezeroek. Zorterik onena opa diogu Edduri ibilbide berrian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate