Diario Vasco

Eguraldi petrala eginagatik, giro ederrean amaitu dira Gurutzeko jaiak

Gurutze auzoko gazteak, sokatiran erakustaldi bikaina eskaini zuten.
Gurutze auzoko gazteak, sokatiran erakustaldi bikaina eskaini zuten.
  • Auzoko festa batzordeak prestatutako egitarauak izan du arrakasta

Hasten den guztia bukatu beharra dago. Hiru egunez jai giroen ibili ondoren, gurutzetarrek igande gauean agurtu zituzten aurtengo festak, eguraldi bustiarekin. Auzoko festa batzordeak prestatutako egitarauak izan du arrakasta eta makina bat lagun elkartu da hiru egunetan zehar Gurutze auzoan. Larunbat gauean, herriko Txinalka antzerki taldeak izan zuen arrakasta. Gurutzeko pilotalekuan eskaini zuten 'Oooh!! Paris' ikuskizuna eta ikusleek barre algara ederrak egin zituzten saioan zehar. Txalo zaparradarekin agurtu zituzten aktore oiartzuarrak. Bertso afariak ere lagun ugari elkartu zituen Bizardia elkartean.

Igandea ere egun polita izan zen Gurutzen. Era guztietako ekintzak antolatu zituen festa batzordeak. Goizean, Haurtzaro dantza taldearen emanaldia eta pilota partidak izan ziren. Eguerdian, auzo bazkarian 90 lagun elkartu ziren eta arrunt gustura pasa zuten kontu kontari.

Segalari gaztetxoen erakustaldia

Arratsaldean, herri kirolek hartu zuten protagonismo. Lehendabizi, segalari gaztetxoak aritu ziren lanean, zein baino zein egokiago. Zaldibiako Almitza sega elkarteko Aloña Galarraga Lekuonak egin zituen aurkezpen lanak, modu bikainean. 8-16 urte bitarteko hemeretzi segalarik parte hartu zuten erakustaldian: Lazkaoko Enaitz Agirrezabala, Belauntzako Iñigo Etxabe eta Jokin Etxabe, Leaburuko Amaiur eta Oihan Arrospide, Lizartzako Sheila Sarasola eta Arkaitz Sarasola, Zaldibiako Maide Garmendia, Josu Mendizabal, Ortzi Garmendia eta Graxi Elosegi, Gazteluko Arkaitz Gabirondo eta Amets Otegi, Asteasuko Adur Tapia, Berueteko Jokin Mikeo, Jabi Beaumont eta June Mikeo, Altsasuko Oier Mitxelena eta Oñatiko Enaitz Idabe. Ez zebilen ez urruti Oiartzungo Bixente Mitxelena segalari handia. Gero etorri zen sokatiraren saioa, Gurutzeko gazteak Ergoien auzoko kideen aurka; baita aizkolarien erakustaldia ere. Arratsaldeak aurrera egin ahala, poniak, zezen txikiak, basurdea... 'Gorriti show'-aren txanda. Gaztetxo asko animatu ziren zezentxoen aurrean jartzera. Gero, bokata goxo askiak dastatzeko aukera eskaini zuten ilunabarrean.

Gaueko zezensuzkoarekin amaitu ziren aurtengo jaiak, Guru-tzen.Auzotar guztientzat moduko festak antolatzen aritu da lanean festa batzordea. «Ekitaldi ugari dira eta lan asko egin behar da, baina auzotarrak gozatzen ikusteak izugarri merezi du», aitortu dute antolatzaileek. «Hiru egunetan, eguraldi petralari aurre eginez, jende ugari gerturatu da eta hori poztekoa da».