Diario Vasco

Gurutzeko festak gaur hasiko dira, kantu afari herrikoiarekin

Gaur arratsaldean, festa giroa zabalduko da Gurutze auzoko txokoetan. Arratsaldeko 17:30ean gurutzetarrek auzoa apainduko dute eta pronto jarri festetarako. Gero, lehen suziria 19:00etan botako dute aurtengo festei behar bezalako hasiera emateko. Eta 21:00etan Kantu afari herrikoia hasiko da. Azkenik, gaueko 22:00etan XXXVIII. Truk txapelketa hasiko da Bizardia elkartean.

Bihar, goizeko 11:00etan Kolore festarekin elkartuko dira auzoko gaztetxoak. Denen artean mural erraldoi bat egingo dute. Jarraian, aurrez lurrean margotutako jolasen irekiera izango da. Eguerdiko 12:00etan, VII. patata-tortilla lehiaketa hasiko da eta gero, sariak banatutakoan, prestatutako tortillekin koadrila-bazkaria egingo dute. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, haur-jolasak hartuko dute tartea, auzoko gaztetxoen gozamenerako. Apar-festa ere ez da faltako Gurutzen. Azkenik, indarberritzeko txokolate gozoa eskainiko dute. Gaueko 21:00etan, bertso afaria hasiko da Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin Bizardia elkartean. Sarrerak 20 eurotan salgai daude Toki Alai, Makutso eta Amazkar tabernetan.

Eta gaueko 22:00etan, Txinalka herriko taldearen eskutik 'Ooooh!! Paris' antzezlana. Eta amaitzeko, 01:00etan, 'The Bobbys' eta 'Autobus Magikoa' kontzertuan, egunari amaiera bikaina emateko.