Diario Vasco

Arditurriko Bide Berdearen V. Eguna igande honetan

  • V. bizikleta martxa eta ondoren, hamaiketakoa izango da Arditurrin

Garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgilduko da igandean. Izan ere, Arditurriko Bide Berdearen V. Eguna ospatuko da Oiartzunen, eta hainbat ekintza antolatu dira egun honetarako.

Egunari hasiera emateko, Arditurriko V. bizikleta martxa abiatuko da goizeko 9:00etan San Pedroko pilotalekutik, 9:15ean Trintxerpeko azokatik pasako da, 9:45ean Pasai Antxoko Pilotalekutik, eta 9:30ean Errenteriako Gamon Zumarditik. 10:00etan, berriz, Oiartzungo Done Eztebe plazatik abiatuko dira. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko delarik.

Ibilbidearen zailtasun maila erraza da. Beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Arditurriko Bide Berdeen V. Eguna Mugikortasunaren Astearen garai berean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe herri ugarietatik hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, iaz egin zen moduan Oiartzun eta Errenteriako udalerrietatik abiatzeaz gain, Pasaiatik ere jarri dira abiapuntuak. Gainera, Euskotrenek eta Renfek bere tren guztietan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte. Hortaz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko.

Hamaiketakoa helmugan

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak (400 pertsonentzat) agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekin-tza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Honetaz gain, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute ere: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin...

Arditurri Bide Berdearen V. Eguna Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, herriko hainbat elkarteren laguntzaz: Lartaun Z.T.K.E., Otxe T.E., Girizia K.K.T. eta Ttak. Laguntzaileak, berriz, Pasaiako Udala, Errenteriako Udala, Trintxerpe kirol elkartea, Euskadiko Triatloi Federazioa, Leurtza Abentura eta Carrefour izango dira.