Diario Vasco

Pagolleta-Bidango gaina itzulia egingo dute igandean

Igande honetan, Artikutza hobeto ezagutzeko aukera paregabea izango da, Artikutza Naturaren eskutik. «Une aproposa da Artikutzak eskaintzen dituen paisaia ederrez gozatzeko», nabarmendu dute antolatzaileek.

Hortaz, Artikutzako ingurune naturala hobeto ezagutzeko egun erdiko bisita gidatua (euskaraz) antolatu dute helduentzat nahiz etxeko ttikienentzat, irailaren 18rako. Antolatzaileek zehaztu dutenez, «Pagolleta-Bidango gaina itzulia egingo dugu. 11,6km-ko bidean, 433mko desnibela egingo dugu».

Eskaseko atezaindegitik irtengo dira mendizaleak eta «pistatik Urgurutzeraino abiatuko gara, urtegiaren atzealdera. Hemendik pago artean eta bidean gora Pagolletara iritsiko gara. Zelaian ibiliz Bidango gainaraino helduko gara eta handik jaitsita, basotik, Elizmendiko bidearekin bat egingo dugu. Barrutiaren eta inguruko eremuen bista ederrek maldaren igoera ahazten lagunduko digute», zehaztu dute. Interesaturik bazaude hona hemen jakin beharrekoa: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euro eta 16 urtetik gora, 3,14 euro. Bisita 09:15etik 13:30era izango da. Exkaxeko guarda etxeko aparkalekuan jarri dute hitzordua.

Izena emateko azken eguna ibilbidea burutuko den asteko ostirala izango da eta egun horretan bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. 690 720 264 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektroniko hau ere erabili daiteke: artikutzanatura@donostia.eus Bisita gaztelaniaz egin nahi dutenek aukera izango dute hilaren 25ean.

Hurrengo hitzorduak urrian izango dira, 9an eta 23an (biak ala biak elebitan). Lehenengo ibilaldian, familientzat oso aproposa, urtegiari bira emango diote mendizaleek. Lau km-ko ibilaldian, 115m-ko desnibela egingo dute.