Diario Vasco

Oiartzungo Kuadrillategi egitasmoan izen-ematea zabalik

Oiartzungo gaztetxoak Irisarri parkean.
Oiartzungo gaztetxoak Irisarri parkean. / GOIZARIN

Oiartzungo Kuadrillategin izen-ematea zabalik dago hilaren 23a arte. Kuadrillategi euskaraz ekintzak prestatzeko, lagun berriak egiteko eta ongi pasatzeko gogoa duten gaztetxoentzako tokia da. Dagoeneko Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko hezitzaileek egitasmoa aurkeztu diete Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko DBH 1. eta 2. mailako ikasleei. Izan ere, adin tarte horretako gaztetxoei bideratua dago egitasmoa Oiartzunen.

Aurkezpen horietan, izen-emateko orriak banatu dira. Izen-ematea bi ikastetxeetako idazkaritzan egin beharko da. Herritik kanpo ikasten duen gaztetxo oiartzuarren batek izena eman nahiko, Euskara zerbitzuan entregatu dezake izen-ematea orria (Fermiñene etxeko beheko solairuan). Aurten, Landetxeko gaztetxea izango da Kuadrillategiren topagunea. Astean behin elkartuko dira eta gaztetxoek eurek proposatutako ekintzak egingo dituzte. Lehen saioa hilaren 30ean izango dute.

Iazko esperientzia, positiboa

Iazko esperientziaz galdetuta, oso balorazio positiboa egin dute hezitzaileek. «Iaz inoiz baino gazte gehiagok eman zuten izena. Pentsa, 160 gazte genituen gure ardurapean», argitu dute. Bi talde eginez, aldez aurretik prestatutako programa jarri zuten martxan. «Ostiralero elkartzen ginen eta denetik egiten genuen: jolasak kanpoan, mahai jolasak, ginkanak, antzerkiak, mozorroak prestatu, herri kirolak, 'Beldur gaua' ospatu, 'Arratsalde zikina'-z gozatu, merienda bikainak, pizza tailerra, karaokea, ur jolasak, bideo grabaketak, zinera joan...», zehaztu dute.

Ekintza bereziak ere ez dira falta Kuadrillategin. «Horrez gain, Txuri Urdin-era irteera, 'Autobus Magiko' musika taldearen bisita, 'Sketx' lehiaketako sari banaketa, Donostiara irteera ere egin genituen. Gainera, DBH 1. mailako gaztetxoekin Arantzako Irrisarri parkera joan ginen, eta DBH 2koekin Madrilgo Warner parkera, asteburu pasatzera».