Diario Vasco

Arditurriko Bide Berdearen V. Eguna egingo da hilaren 18an

  • Bizikletaz gerturatzeko gonbidapena luzatu du Oarsoaldeko parketxeak

Bide Berdeen V. Eguna izango da hilaren 18an. Egun horretan, garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgilduko da.

Egunari hasiera emateko, Arditurriko V. bizikleta martxa abiatuko da goizeko 09:00etan Pasai San Pedroko pilotalekutik; 9:15ean, Pasai Donibaneko txiringitotik, 09:30ean; Trintxerpeko azokatik, 09:45etik; Pasai Antxo Ibaiondo pilotalekutik eta Errenteriako Gamon Zumarditik, 09:30ean. Oiartzungo Doneztebe plazatik, berriz, 10:00etan abiatuko dira. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko delarik. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da; beraz, adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hori. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Aukera zabala

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da.

Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan.

Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan (oinarrizko bisita 3 eurotan, sakonekoa, 4 eurotan) egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek, dohainik. Horretaz gain, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute ere: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.