Diario Vasco

Iturriotz auzoko Iturri-Berri elkarteak 50. urteurrena ospatuko du gaur

Iturri-Berri elkartearen sortzaileak.
Iturri-Berri elkartearen sortzaileak. / DV
  • 110 lagun elkartuko dira Iturriotz auzoko frontoian egingo den bazkarian

Aurten 50 urte bete dira Iturriotz auzoan dagoen Iturri-Berri elkartea sortu zela. Hori dela eta, gaur izango da ospakizun eguna Iturriotzen. «Goizeko 12:30ak aldera jarri dugu lehen hitzordua. Herri kirolen erakustaldiarekin hasiko gara, Iñaki Azurmendi eta Xabier Dorronsoro aizkolariekin eta Izeta III.a harri-jasotzailearekin», argitu du Joxe Manuel Lekuonak, elkarteko lehendakariak. Gero, izango da mahaiaren bueltan esertzeko tenorea, bazkari-legea egiteko aitzakiarekin. «110 lagun elkartuko gara auzoko frontoian. Menu aski goxoa daukagu dastatzeko, gainera», nabarmendu du.

Azkenaldian antolaketa lanetan murgildurik ibili da elkarteko zuzendaritza taldea, ospakizun eguna ahalik eta dotoreen izateko helburuarekin. «Egitarau osoa erabat lotuta daukagu eta biharko eguna ahalik eta hobekien ospatzea desiratzen gaude. Ea elkarteko bazkideak gustura geratzen diren», dio Joxe Manuel Garaik, elkarteko diruzainak.

Argi dauka gaur ez dela bertsolaririk faltako. Izan ere, «Iñaki Urkia eta Gotzon Isasa bazkideak ere bazkaltzen izango dira eta ziurrenik zer edo zer izango dute prestatuta», adierazi du. «Kantuak ere izango dira bazkal ostekoa girotzeko».

Zortzi bazkidek osatzen dute elkarteko zuzendaritza batzordea: Joxe Manuel Lekuona, Joxe Manuel Garai, Luis Vitoria, Joakin Iragorri, Harriet Garai, Ismael Lopez, Jaxinto Lasarte eta Asier Martinez. Elkarteak 126 bazkide ditu gaur egun. «Auzoan, azken urteetan etxe berriak eraiki dituzte eta geroztik bazkide berri asko izan ditugu. Gazte asko sartu dira elkartean eta horrekin oso pozik gaude», dio Lekuonak.

Hasiera Sarasene etxean

1966an sortu zen Iturri-Berri elkartea. Auzoko gazteak hasi ziren bilerak egiten elkartea sortzeko burutazioarekin. «Santxo etxearen atarian biltzen ginen», gogoratzen du Lekuonak. Ordurako Altzibar auzoko Billera sortua zen eta iturrioztarrak ere animatu egin ziren. Almazeneko Periko Mitxelenarekin hitz egin eta Sarasene etxeko beheko lokala hartu zuten. «Auzolanean atondu genuen lastotegia zen lokala».

Sorreran lanean ibilitako gazteek inaugurazio egunean bildu eta argazki bat atera zuten. Hantxe ikusten dira: Jose Antonio Otamendi, Gregorio Zapirain, Genaro Aizpurua, Jose Manuel Lekuona, Karla Lekuona, Angel Arruabarrena, Antton Gaztelumendi, Inazio Iragorri (alabarekin), Jeronimo Garaño, Jesus Arruabarrena, Joxe M. Gaztelumendi, Antton Mitxelena, Josu Zapirain, Mikel Arruabarrena, Jose Antonio Urdanpilleta, Migel Angel Sarasti, Justi Zapirain, Gotzon Isasa, Mikel Legorburu, Jose Ramon Portu, Ignazio Garaño, Jose Luis Zabaleta, Iñaki Urkia eta Joxe Mari Isasa.

Hamabi urte eman zituzten lehen kokalekuan. «1978an, Orma etxe azpiko lokala erosi eta hantxe jarri genuen elkarte berria. Geroztik hortxe jarraitu dugu, azken 38 urtetan».

Iturri-Berri kultur eragile

Iturri-Berri elkarteak gaur egun hainbat ekitaldi antolatzen ditu auzoan. «Santiyutan truk txapelketaren antolaketaz arduratzen gara, baita jubilatuen bazkariaz ere», dio Garaik. Era berean, xanistebanetan urtero-urtero Herri Kirolen erakustaldiaz arduratzen da elkartea. «San Juanetan, Soroan egiten dugun sardina jatea ere arrakastatsua izaten da auzotarren artean».

Nolanahi ere, ezin dira ahaztu elkarteak 1980-1990 hamarkadan herri mailan antolatutako musika kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak... Madalensoron. «Joxeangel Arbelaitz zen orduko lehendakaria eta hark martxan jarritako ekimenak izan ziren, oso arrakastatsuak», gogoratu du Lekuonak. Izan ere, garai hartakoak dira Itoitz, Hertzainak, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Niko Etxart, Oskorri, Antton Valverde, Amaia Zubiria, Imanol eta Pablo Milanes... musikariekin herriko frontoian egindako kontzertuak.

Garai hartan, «zinea ikusteko parada ere izan genuen auzoko festetan. 'Tasio', 'Betirako sua' eta 'Akelarre' bezalako filmekin gozatzeko aukera izan genuen Orma etxearen aurreko zelaian», dio Lekuonak.

Era berean, aipatzekoa da ere 1985ean Santiyutan Iturri-Berri elkarteak argitaratutako 'Iturriotz' aldizkaria. 68 orrialdeetan hainbat gai jorratzen dira, hala nola auzoko historia, ondare historiko artistikoa, auzotar batzuei egindako elkarrizketak, bertsolaritza...