Diario Vasco

Kontzertu bikaina Soinuenea Herri Musika txokoaren eskutik

Larunbateko protagonistak lanak amaitutakoan, oholtza gainean.
Larunbateko protagonistak lanak amaitutakoan, oholtza gainean. / GOIZARIN
  • Oiartzun herria Gaztela eta Leongo, Euskal Herriko eta Portugalgo herri musikaren topaleku bilakatu zen pasa den asteburuan, Soinueneak antolatutako 15. jardunaldien eskutik

Oiartzun herria Gaztela eta Leongo, Euskal Herriko eta Portugalgo herri musikaren topaleku bilakatu zen pasa den asteburuan, Soinueneak antolatutako 15. jardunaldien eskutik. Gaztela-Leongo Centro Etnográfico Joaquín Díaz, Euskal Herriko Soinuenea Herri Musikaren txokoa eta Portugalgo Centro de Musica tradicional Sons da Terra izan dira herri musikaren topaketaren protagonista hiru egunez.

Ostiralean, lurralde horietako danbolinteroei buruzko tailerra egin zen udal areto nagusian eta gero kontzertua eman zuten hiru musikari hauek: Manuel Perez, Angelo Arribas eta Aitor Arozena.

Larunbatean, berriz, goizean hasi ziren lanean eta hitzaldiaz gain mahai ingurua ere egin zuten hiru museoen sortzaileek: Joaquín Díaz, Juan Mari Beltran eta Mario Correia.

Gauean izan zen kontzertu handiaren txanda, Doneztebe plazan. Hamarnaka lagun bildu ziren eta gustura entzun zituzten hiru lurralde bakoitzeko musikariak. Gaztela-Leongo Manuel Pérez izan zen lehena oholtza gainean. Salamankako semeak gaita eta tamborilekin bere herriko pieza bat eskaini zuen. Gero, Euskal Herriko Musikaren txanda izan zen eta Juan Mari Beltranen hirukoteak (Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxea eta Ane Erregebelda) zenbait eskualdetako ospakizun nahiz familia giroan erabiliak izan diren soinu-tresnak eta musikak entzuteko parada eskaini zuen. Azkenik, Portugalgo «Brigada Víctor Jara» taldeko laukoteak bospasei abesti jo zituen entzuleen gozamenerako.

Kontzertuaren amaieran, elkarrekin aritu ziren musikari guztiak eta bederatzi pieza eskaini zituzten, alde bateko eta besteko abestiak hain zuzen. Esku-orriak lagunduta, en-tzuleek ere gustura parte hartu zuten saioan. Eta 15. Jardunaldiak amaitzeko, igandean Herri-musika zabaldu zen herritik barrena hiru herrialdeko musikariekin.

Proiektu hau Donostia 2016ren 'Elkarrizketak' lerroaren parte da, hau da, Hiriburutza bere inguruko kultur agendarekin lotzeko sortutako programazio-ildoaren barruan.