Borrar
Urrezko ezteiak ospatu dituen Altzibar auzoko Billera elkarteko bazkideak.
‘Oiartzun 2016’ Urtekaria eta Mugarriren liburu berria, salgai

‘Oiartzun 2016’ Urtekaria eta Mugarriren liburu berria, salgai

Urtekariko elkarrizketa nagusia Juanito Arozena Egimendia txistulariari egin zaio

goizarin

Sábado, 23 de julio 2016, 10:48

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Oiartzun 2016 urtekaria eta Mugarriren zenbaki berria salgai jarri dira dagoeneko. Urtekaria eta festetako egitaraua 4 eurotan egongo dira salgai eta Mugarri bildumako liburuki berria, 12 eurotan.

OIARTZUN 2016 urtekariak, aurrekoetan bezalaxe, haranean burutu den dinamika guztia jasotzen du aurtengoan ere, Oiartzungo historiarako mesedetan. Ekintza kulturalak, kirolak, herri eragileak, irakaskuntza jaso eta bildu egin dira.

Esate baterako, aurten, elkarrizketa nagusiaren lekua Juanito Arozena Egimendia txistulariak bete du. Altzibar auzoko Albisturrene etxean 1930ean jaioa, txistulari eta danbolintero baten semea, umetan hasi zen txistua eta solfeoa ikasten Dionisio Martiarena sakristauarekin. Gerora, Donostiako Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasketekin. Hamar urte zituela, 1940an, atera zen lehenengo aldiz Joxe Mendizabal Txistu eta haren aitarekin txistua jotzera kalera, San Inazio eguneko prozesioan.

Oiartzungo Udaleko txistulari izendatu zuten 1946an eta Lartaun Txistulari taldearen sorreran ere parte hartu zuen. 22 urte inguruz aritu zen gaztetxo oiartzuarrei txistua nola jotzen den erakusten; 100 ikasle baino gehiago izan zituen urte horietan. Gaur egun, jendaurrean dagoeneko txistua jotzeari utzi dio, baina hiru semeek eman diote segida.

Tiburtxi Aduriz Urdanpilleta

Seme-alaben atalean, bestalde, Tiburtxi Aduriz Urdanpilletari egin zaio elkarrizketa. 40 urtez Altzibar auzoko Xoteroneko dendaria izan zen, euren anaia-arrebarekin, Joxe Manuel eta Maria Luisarekin, hain zuzen. Atzerantz begiratzen bada, Oiartzungo kaleak hartzen zituzten dendak orain ez daude, pixkanaka desagertzen joan baitira, batez ere auzo-dendak. Horixe gertatu zitzaion Xoteroneko dendari ere.

Era berean, Ander Imaz pilotari oiartzuarrari ere egin zaio elkarrizketa. Ezin da ahaztu profesional mailan Asergarcerekin debuta egin zuela 2015eko abenduaren 20an, Madalensoro pilotalekuan. Elezkano II.arekin, Olaetxea eta Aretxabaletaren aurka jokatu zuen, herritarrez inguratuta. Madalensoro pilotalekua oiartzuarrez lepo bete zen herriko pilotariaren debutean. Etxekoen animoekin eta Elezkano aurrelariak lagunduta errazago irabazi zuen Imazek Olaetxea-Aretxabaletaren aurkako partida, 13-22 hain zuzen.

Urteurrenen harira, Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrena eta Altzibar auzoko Billera elkartearen urrezko ezteiak ere jaso dira. Era berean, duela 25 urte, Girizia Taldeko emakumeek urrezko domina irabazi zuten Munduko sokatira txapelketan, Getxon eta horri buruzko kronika osoa dago Urtekari berrian.

Ohiko tokietan salduko dira kultur agerkariak: Irundarrene denda (Altzibar); Pikoketa estankoa (Arragua); Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Zapirain-Killirikupe egunkarien salmenta gunea eta Urrats (Elizalde); Tolare jatetxea (Ergoien); Galdos taberna (Gurutze); Ibarreko gasolinera, Pottolo janari-denda eta Martin harategia (Iturriotz); eta, Mamuteko liburu denda eta Intxixu erretegia (Ugaldetxo).

Urtekari Batzordea

Aurten ere gogotsu lan egin du Urtekari Batzordeak urtebetean herrian aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak, urteurrenak biltzeko. Goiatz Labandibar, Joxan Eizmendi, Jaione Ugaldebere eta Iosune Cousillas Kultura zinegotziak osatzen dute Urtekari Batzordea.

1956. urtean jaio zen Oiartzun urtekaria, Santiago Aizarna, Benjamin Alvarez, Adolfo Leibar, Juan Mari Lekuona, Jose Antonio eta Miguel Irigoyen, Julio Barrutieta, Paul Urreolabeitia, Pablo Michelena, Dionisio Martiarena, Ayalde lagunen lanei esker. Haiek jarri zuten lehen hitza, garai aski zailetan. Haien meriturik handiena komunikabide hau sortzea izan zen. «Gure lana izan da, besteak beste, haien eginahalari jarraipen ematea. Eta horretan segituko dugu herriko kolaborazioei esker», nabarmendu dute Urtekari batzordeko kideek.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios