Euriak ez du iturrioztarren festarako gogoa zapuztu

Buruhandien kolpeak saiesteko lasterka bizkor egin behar!

Atzo hasi ziren Santiyuk Iturriotzen, jai giro ederrean; herri kirolak, kronoeskalada mundiala eta musika emanaldi bikaina gaur

GOIZARIN OIARTZUN.

Udazken giroan hasi ziren atzo Iturriotz auzoko Santiyo jaiak. Euria ia etengabe eta fresko. Ez zen eguraldirik hoberena festei ekiteko, baina iturioztarrek ez zuten eragozpenik izan oztopoei aurre egiteko.

Hortaz, lertxuna altxatzearekin batera eman zioten hasiera aurtengo Santiyo festei iturrioztarrek, arratsaldeko 19:00etan. Jarraian, auzoko dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten lertxunaren aurrean eta segidan etorri zen txikien gozatzeko unea. Izan ere, Oiartzungo buruhandiak dultzaineroen laguntzarekin auzoa alaitzen ibili ziren. Kartelada ere egin zuten, presoen alde. Bukatzeko, eta festak behar bezala hasteko auzo-afaria izan zen Beheko Soroan, giro apartan. Truk txapelketak ere izan zuen arrakasta atzokoan, urtero legez. Bikote ugari elkartu ziren Iturri-berri elkartean zein baino zein irabazteko irrikan.

Kronoeskalada gaur

Gaur asteartea, auzoko patroiaren egunean, goiz erestia, meza eta herri kirolak izango dira goiz partean. Aimar Irigoien harria jasotzen eta Mugertzatar anaiak aizkoran, Ugaitz eta Aratz Mugertza hain zuzen.

Arratsaldeko 17:00etan, berriz, Iturriotzko XXVII. Kronoeskalada mundiala, 3-15 urteko haur eta gaztetxoentzat. Izen-ematea 16:00etan zabalduko dute. Segidan, 19:00etan, artzain txakur lehiaketa izango da, Bidezarra parean.

Eta gosetuta daudenentzat ogitartekoak izango dira, Soroan. Eta amaiera emateko, musika emanaldia Ane Badiola, Joxe Leon Kazabon eta Irati Odriozolaren eskutik.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos