Madalenetan «animalien tiroketa debekatzea» eskatzen dute

L. R. ERRENTERIA.

Udalak, herriko festetan animaliek jasaten duten tratu txarra ekiditeko hainbat neurri hartzen hasi zen duela 3-4 urte. Horregatik, Eguzki taldeak dioenez, «jaietan egiten ziren eta gai honekin lotura zuten ekimen batzuk dagoeneko ez dira egiten eta ez dira jaietako egitaruan azaltzen (idi dema, adibidez). Ekimen hauek guztiak, animaliek jasaten duten tratu txarrarekin zer ikusia zuten, ez ziren beraz hauen bizitzarekin bukatzen zuten horietakoak».

2016ko apirilean, lau elkartek izenean urrats bat gehiago ematea eskatu zioten udalari: usakume, galaper eta bestelako animalien tiroketak debekatzea, eta Madalenetako programaziotik desagertaraztea.

Erantzuna izan zen «horrelako erabakia ezin zutela hartu araudi batean oinarritu gabe eta esan ziguten udala animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zegoela, eta beste herri batzuetako ordenantzak aztertzen ari zirela zirriborro bat lantzeko».

Urtebete pasa da dagoeneko, eta «udalarekin harremanetan jarri garenean gaia gogoratzeko, esan digute oraindik ordenantzarekin ari direla lanean eta hori bukatuta egon arte ezin dela ezer egin. Noiz arte itxaron beharko dugu? Zergatik ekimen batzuk zorionez desagertu dira, eta beste batzuk, zoritxarrez, oraindik itxaron behar dute?». Egoera hau «ulertezina eta onartezina iruditzen zaigu».

Amaitzeko, «iazko eskaeran aipatzen genuen esaldi bat gogora ekarri nahi dugu: 'Animaliei sufrimendua sortarazteak ez du zerikusirik kultura eta nortasunarekin'. Noizko animalien tratu txarrak eta hilketak jaietako egitarautik kanpo?».

Fotos

Vídeos