Dantzari Txiki Eguna asteartean izango da

L. R. ERRENTERIA.

30. Dantzari Txiki Eguna datorren asteartean, maiatzak 1, izango da. Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, Errenteria Musikal eta Errenteriako Udalaren laguntza jaso du.

Egun honek «Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorritako 8 talde bilduko ditu, horien artean, Errenteria Musikal azpimarratu beharra dago 250 dantzari izango baititu ikusgai. Orotara, 500 bat dantzari espero dira eta honako herrietatik datoz: Amaiur (Iruñea), Aurtzaka (Beasain), Erketz (Lasarte-Oria), Lurra (Urretxu), Murixka (Lezo), Ttarla (Hernani) eta Udaberri (Tolosa)».

Dantzari guztiak Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria) bilduko dira 11:00k aldera eta hamaiketako eder bat jan ondoren, 11:45etatik aurrera, herriko kaleetan zehar ibiliko dira.

Hainbat geldialdi egingo dituzte Foru plazan, Xabier Olaskoaga plazan, Koldo Mitxelena ikastetxeko aterpean eta Herriko Plazan.

Desfilearen amaiera 13:30ean izango da Gamon Zumardian, eta bertan talde guztiek elkarrekin hainbat dantza eskainiko dituzte goizeko saioari amaiera emateko. Bazkalostean dantzaldia izango da 16:15etik aurrera, trikitilariekin hasi eta Modestorekin jarraituz.

Bazkaria elkarteetan

Eguraldi txarra eginez gero, ekin-tza guztiak Galtzarabordako Udal Kiroldegian ospatuko lirateke. Hala ere, goizeko hitzordua Koldo Mitxelena plazan (Esmalterian) mantenduko litzateke.

Aipatzekoa da, urtero bezala, bazkariak herriko elkarte desberdinek emango dituztela. Ereintza Dantza Taldeak eskerrak eman nahi dizkie beren kolaborazioagatik: Bukagaitz, Txepetxa, Amulleta, Gure Toki, Gau Txori, Niessen, Ondarra, Txintxarri eta Alkartasuna.

Amaitzeko, Ereintza Dantza Taldeak Errenteria Musikaleko ikasleen gurasoei emandako laguntza eskertu nahi die.

Bestetik, hainbat herritako dantzarien bisita jasotzen den bezala, Errenteria Musikaleko dantza ikasleak Ereintza Dantza Taldeak antolatutako irteerak egiten ari dira. Dagoeneko Tolosa, Iruñea, Oiar-tzun eta Hernaniko Dantzari Txiki egunetan ibili dira, eta datozen egunetan Lezo, Beasain eta Lasarte-Oriakoetan hartuko dute parte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos