Diario Vasco

Ateak zabalduko dituzte Torrekuako tailerrek

Eraikin bizi-bizia da Torrekua.
Eraikin bizi-bizia da Torrekua. / ARIZMENDI
  • Asteburu honetan eraikinak ateak zabalduko ditu Habian! Fabrika Kreaktiboa proiektuaren baitan lanean ari diren sortzaileen lana bertatik bertara ezagutu ahal izateko

Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Jexux Leonet Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak jakinarazi dutenez, azaroaren 25etik 27ra herritarrek eta interesa dutenek Torrekua eraikineko artisautza tailerrak bisitatu ahal izango dituzte, ostiralean 16:30etik 20:30era eta larunbatean eta igandean 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Tailerretan lanean ari diren sortzaileek egingo diete harrera bertaratzen direnei eta espazioa erakusteaz gain, landu dituzten produktuak ere erakutsiko dituzte.

Habian! proiektuaren bidez, sorkuntzan eta kolaborazioan oinarritzen diren proiektuak lantzen dira. Bi sektoretako jarduerak jasotzen dira: teknologia berriak ardatz dituztenak (Teknologia Kreaktiboa) eta artisautza jarduerak (Fabrika Kreaktiboa). Asteburu honetan bigarren hauek izango dira protagonista.

Fabrika Kreaktiboak bi tailer egokitu ditu Torrekuan artisauek bertan lan egin dezaten. Beheko solairuan ehungintza tailerra aurki daiteke eta lehenengo solairuan bitxigintza tailerra. Tailer hauetan, sortzaileek produktuak ekoizteko behar duten makineria dute eskura eta espazio berean lan egiteko aukera dute, batak bestearengandik ikasiz, kolaboratuz eta elkarrekin bidea eginez.

Ehungintzan lau lanpostu egokitu dira eta bitxigintzan sei. Profesionalizatzeko bidean edo profesionalizatu berriak diren proiektuei eskaintzen zaie bertan lan egiteko aukera, asko jota hiru urtez. Helburua da, hastapeneko fase honetan, sortzaileek epe luzeko proiektuen oinarriak sendotzea, gero euren kabuz jarraitu eta jarduera ofizio iraunkor bilaka dezaten. Horretarako, Torrekuan dauden artean, elkarren arteko babesaz gain, jarduera profesionalizatzeko aholkularitza eta sektoreari edo lanbideari buruzko aholkularitza jasoko dute Oarsoaldearen, Easo Politeknikoaren, AEG Ikastetxearen eta Artiolaren eskutik.

Eraikinaren azken solairuan bestelako ofizio sortzaileentzat ere lanpostuak egokitu dira Coworking formatuan. Kasu honetan, lanerako mahaia eta ordenagailua besterik behar ez duten sortzaileentzat egokitu dira lanpostuak (ilustratzaile, diseinatzaile, komunikazio proiektu…). Jarduerak euren artean desberdinak izan daitezkeen arren, sormena eta kolaboratzeko prestutasuna parte-hartzaile guztiek izango dituzten ezaugarriak dira.

Alkateek eskualdeko herritarrak gonbidatu nahi dituzte bakarka, lagun artean edo familia giroan bertara daitezen, eraikina eta bertan lantzen ari diren artisautza proiektuak ezagutzera. Bestalde, jakinarazi du, inork asteburu honetan ezin eta bisitatzeko interesa badu, Oarsoaldearekin harremanetan jar daitekeela komunikazioa@oarsoaldea.eus helbidera idatziz edo 943 49 41 29 telefonora deituz.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate