Asteburuan ez da aspertzeko aitzakiarik izango!

Arditurriko Bide Berdearen eguna igandean.
Arditurriko Bide Berdearen eguna igandean. / BASTEROBERRI

Makina bat jarduera: Arditurrira, Artikutzara, Valderejora, Gurutzeko festak... izango dira

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aste honetan ere iritsi da asteburua eta oiartzuarrok ez dugu aspertzeko aitzakiarik izango. Izan ere, asteburua borborka datorkigu, ekintzaz eta festaz beteta.

Hasteko, gaur hasiko zaizkigu Gurutze auzoko festak. Arratsaldeko 18:30ean elkartuko dira auzotarrak auzoa apaintzeko. 19:00etan hasiko dira festak eta 20:00etan enkartelada. 21:00etan kantu-afari herrikoiaz gozatzeko aukera izango da, afaria norberak eraman beharko du. Eta 22:00etan, ohitura zaharrak ez ahazteko, XXXVIII. Truk txapelketa Bizardia elkartean.

Larunbatean, eguerdira arte deskantsatzeko aukera izango da. Baina, eguerdiko 12:00etan VIII. Tortilla txapelketa eta tortilla jatea. Arratsaldean, 17:30ean Pin-pon txapelketa, haur jolasak, apar festa eta txokolatada. Gero, buruhandiak. Gauean, 22:00etan 'Errefuxa antzerkia'.

Igandean, ordea, goiz mugituko zaizkigu gurutzetarrak goizeko 9:00an goiz-eresia izango dute esnatzeko eta 10:00an meza. 11:00an Haurtzaro Dantza Taldearen emanaldia. 12:00etan, berriz, eskuzko pilota partidak. Eguerdian, 13:00etan, Oiartzungo dultzaineroak. 14:00etan auzo-bazkaria (Txartelak 943 49 07 00 edo 943 49 44 55era deituta). Arratsaldea heltzean, 18:00etan segalariak, Jon Otegi eta Bixente Mitxelena oiartzuarrak tartean, eta aizkolariak izango dira ikusgai. 19:00etan Gorriti Show eta buruhandiak. Eta festei bukaera emateko 21:00etan zezen-suzkoa.

Girizia Mendizale Taldea

Asteburuan Valderejora joango dira. Bihar arratsaldeko 16:00etan Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik abiatuko dira. Burgosko Villalba de Losa herrira joango dira. Arratsa herriko aterpetxean pasa ondoren, igandean ekingo diote mendi ibilaldiari.

Igandean Arabako lurretan ibiliko dira. Lalastra herritik abiatu eta San Lorenzora joango dira. Bertatik Riberara. Eta Riberatik tontorrera joko dute 1.042 metro dituen Santa Anara. Santa Anatik berriro ere San Lorenzora jaitsiko dira eta bertatik Lalastrara bueltatuko dira. Ibilaldia 19-20 kilometrokoa izango da. Antolatzaileek 5:30-6 orduren bueltan ibilbidea egitea aurreikusten dute, atsedenak barne. Mendi irteera honetan parte hartu nahi duenak Amazkar tabernan, Garmendi txokolategian edo on line (www.girizia.org) eman dezake izena. Autobusa, aterpetxea eta gosaria 40 euroren truke izango dira. Bestalde, norbaitek larunbateko afaria ere nahiko balu 10 euro gehiago ordaindu beharko ditu.

Bide berdearen eguna

Arditurriko 6. bizikleta martxa igandean abiatuko da goizeko 9:30etan Errenteriako Gamon Zumarditik eta 10:00etan Oiartzungo Done Eztebe plazatik. Bi lekuen helmuga Arditurriko meategiak izango dira. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan. Arditurrin bizikleta gordailu jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu bitartean. Helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira.

Artikutzako ibilaldia

Igandean izango da Artikutzako lehen ibilaldia. Artikutzako auzoan hasi eta Elamaruntz joango dira Etzalekuko bidean barrena. Asmoa Goizarineko burdinola zaharrera jaistea litzake. Ibilbide hau 7,8 kmkoa da eta 183 metroko desnibela du. Igandeko ibilbidea euskaraz egingo da, baina ibilbide hau bera gaztelaniaz egiteko aukera izango da urriaren 8an. Hurrengo ibilbideak urrian eta azaroan egingo dira.

Interesik izanez gero hemen jakin beharrekoa: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 € eta 16 urtetik gora, 3,14 €. Bisita 09:15etik 13:30era izango da. Exkaxeko guarda etxeko aparkalekuan jarri dute hitzordua. Izena emateko azken eguna gaur izango da eta gaur bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. 690 720 264 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektroniko hau ere erabili daiteke: artikutzanatura@donostia.eus

Gure Esku Dago

Bihar Bilbon antolatu dute manifestazioa Kataluniako herriaren etorkizuna erabaki nahi duten katalanei babesa erakusteko. Irailaren 16an izango da arratsaldeko 17:00etan La Casillatik. Oiartzundik joateko aukera izango da autobusez 15:30ean Haurtzaro Ikastolako parkinetik. Helduek 10 eurotan lortu ahal izango dute txartela; ikasle eta langabetuek, aldiz, 8euroan. Txartelak ohi bezala Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian.

Fotos

Vídeos