Diario Vasco

Prestakuntza tailer 'singularrak' eskualdeko herrietan

Artisautza azoka Errenterian.
Artisautza azoka Errenterian. / ARIZMENDI
  • Artisautza, teknologia berri eta energiako prestakuntza tailerrak eskainiko dira Garapen Agentziaren eskutik

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek 'egitasmo singular' izeneko egitasmoaren baitan kokatzen diren hiru prestakuntza ikastaro berri jarriko dituzte martxan urtarrilaren bukaeran Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez. 'Eraginkortasun energetiko orientatzailea', 'Artisautza sektoreko enpresen sortze eta kudeaketa' eta 'Teknologia berrien sektoreko enpresen sortze eta kudeaketa' dira tailerrak.

Horrela, 'Eraginkortasun energetiko orientatzailea' ikastaroaren helburua ingurumen arloan sentsibilizazioa duten langabe nahiz okupatuei formakuntza espezifikoa ematea da. Herritarrei energia eraginkortasunaren arloan sentsibilizatu eta orientatzeko gaitasunak eman nahi zaizkie. Ikastaroak 212 orduko iraupena dauka.

Halaber, 'Artisautza sektoreko enpresen sortze eta kudeaketa' ikastaroak artisautza konpetentziak dituzten pertsonak enpresen sortze eta kudeaketan trebatzea du helburu. Horrez gain, prestakuntzaren osagarri, artisautzako profesional baten laguntzarekin ikasle bakoitzak bere enpresa proiektua garatzeko aukera izango du. Ikastaroak 480 orduko iraupena dauka.

Azkenik, 'Teknologia berrien sektoreko enpresen sortze eta kudeaketa' ikastaroak informazio eta komunikazio teknologia berrien inguruko konpetentziak dituzten pertsonei enpresen sortze eta kudeaketan trebakuntza eskaini nahi die. Kasu honetan ere, informazio eta komunikazio teknologia berrien alorreko profesional baten laguntzarekin ikasle bakoitzak bere enpresa proiektua garatzeko aukera izango du. Ikastaroak 480 orduko iraupena dauka.

Ikastaro guztiak urtarrilaren bukaeran jarriko dira martxan, eta prestakuntza teoriko-praktikoaren ondoren, ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Jexux Leonet Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, langabezian dauden pertsonek izango dute lehentasuna udalek eta Lanbidek diruz lagundutako ikastaroetan.

Ikastaroren batean parte hartu nahi duten pertsonek Oarsoaldearekin harremanetan jarri daitezke 943 510 200 telefono zenbakian, olibet@oarsoaldea.eus posta elektroniko bidez edo zuzenean Errenteriako Olibeteko bulegoetara joanez.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate