Diario Vasco

Arraguako auzotarrekin bilduko dira bihar udal ordezkariak

Udal ordezkariek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Udal ordezkariek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
  • 2017ko aurrekontuak eta auzoko beharren balorazio zein aurrera begirakoak izango dira hizketa gai

Arragua auzoan jarri dute aurreneko hitzordua udal ordezkariek. Bihar ilunabarreko 19:30ean elkartuko dira bertako auzotarrekin frontoi ondoko lokalean hitz egitera. Gobernu Taldeko kideek Arraguako auzotarrak batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte, «elkarlanean eraman behar dugulako aurrera Oiartzun».

Hurrengo hitzordua asteartean, hilak 8, izango da, Ugaldetxoko auzotarrekin. Haiekin ere 19:30ean elkartuko dira, Atamitxen. Eta ostegunean, hilak 10, bi bilera egingo dira: Ergoien auzoko Auzokalten eta Karrika auzoko Artaso elkartean, ordu berean. Iturriotz auzoan hilaren 14an egingo da auzo batzarra, auzo lokalean, 19:30ean. Hilaren 15ean, Elizalde auzoko txanda izango da, Manuel Lekuona bibliotekan, 19:30ean, eta Gurutze auzoko Bizardia elkartean, 18:30ean. Eta Altzibar auzoko eskoletan hilaren 16ko bilerarekin amaituko dira auzotarrekin egingo diren elkarrizketak. Azken bilera ilunabarreko 19:30ean hasiko da.

Auzo batzarretan hiru gai aztertuko dira: 2017ko aurrekontuak, azken urteko balorazioa (auzokoa eta orokorra) eta aurrera begirako lanak auzo bakoitzean. «Auzo bakoitzean auzoko zinegotzi ordezkariak parte hartuko du, eta beste bi zinegotzi ere egongo dira», zehaztu dute udal ordezkariek.

Beharren balorazioak

Jexux Leonet alkateak dionez, «nahiz eta legegintzaldi osoko ikuspegiarekin ari garen lanean Udalean bai herri mailan zein auzoetan, azken urtearen balorazioa egin nahi dugu auzo bakoitzean. Era berean, herri mailan ikuspegi orokorrarekin egin diren inbertsio eta egitasmo garrantzitsuenak ere azalduko ditugu, oiartzuar guztien onurakoak baitira».

Urte honetan sortu diren beharrak aztertuta, Udalak auzo bakoitzean hurrengo urtean gauzatzeko planteamendu errealak aurkeztuko ditu. Alegia, «dagoeneko identifikatuta dauden beharrak asetzeko jarraipena nola eman planteatuko dugu, auzotarren iritzia jasotzeko».

Leoneten iritziz, «ekarpen berriak ere jasoko ditugu. Herritarrek Udalari zerbait eskatu edo planteatu nahi badute, auzo batzarrak aukera egokia dira horretarako».

Aurrekontuak

2017ko aurrekontu orokorren proposamena ere azalduko die Udalak herritarrei. Urriko ohiko udalbatzarrean onartu zen behin-behineko proposamena. Horrekin batera, «Oiartzungo Udalaren egoera ekonomikoa azalduko diegu herritarrei: gaur egungo zorpetze maila zein den, Udalak identifikatuak dituen beharrak eta lehentasunak...», adierazi du alkateak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate