Lurbizi egitasmoa martxan jarri du Udalak, lehenengo sektorea sustatzeko

Baratza profesionalak martxan jartzea izango da lehen urratsa. /
Baratza profesionalak martxan jartzea izango da lehen urratsa.

Baratza profesionalak martxan jartzea izango da lehendabiziko proiektua

GOIZARIN

Oiartzungo Udalak Lurbizi egitasmoa martxan jarri du, lehenengo sektorea modu profesionalean sustatzeko. «Lehenengo sektorearen egoera txarra da Oiartzunen. Horren adierazgarri da jarduera profesionalaren %0,92 baino ez dela sektore horrena eta berriki Gaindegiak egin duen etxebizitza hutsen azterketak erakutsi duela etxe huts gehien landa-eremuko baserriak direla (94)», adierazi du Jexux Leonet alkateak. «Sektorearen gainbeherak kezkatuta, biziberritzeko egitasmo bat martxan jartzea izan da Udalaren helburua legegintzaldi hasieratik».

2016an, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak Lurbizi egitasmora.

Lehenengo, baratzak

«Lurbizi egitasmo zabala izango da, Udaletik lehenengo sektorera bideratzen diren proiektu guztien aterpea». Lehenengo sektorean modu profesionalean aritzeko erraztasunak ematea da helburua: «Badaude lehenengo sektorerako proiektuak dituzten herritarrak, baina lurrik ez dutenak; eta badaude lurrak dituzten herritarrak, baina hauek lantzeko proiekturik ez», azaldu du alkateak.

Behamendirekin elkarlanean

Martxan jarriko den lehenengo proiektu zehatza baratza profesionalena izango da, Udala eta Behemendiren artean elkarlanean. Kudeaketa Behemendiren esku geratuko da eta Udalak finantzatuko du.

«Nekazaritzarako egokia den 25.000 m2ko lur-eremua alokairuan eskainiko zaie ekoizleei (gutxienez 5.000m2ko eremutan). Momentu honetan, Behemendi nekazal produkzioa martxan jartzeko azpiegituren azterketa egiten ari da», argitu du.

Alokairua lehiaketa publiko bidez esleituko da nekazariei. «Oiartzunen erroldatutako nekazariek eta langabezian daudenek lehentasuna izango dute. Bestelako ezaugarri batzuk ere baloratuko dira: arloko ikasketak eta esperientzia, adibidez», nabarmendu du.

Ekoizpena kontsumo-taldeen, salmenta zuzenaz eta herriko merkatarien bidez saldu ahal izango dute ekoizleek.

Elikadura burujabetza

Lurbizi egitasmoarekin, lehenengo sektorea modu profesionalean sustatzeaz gain, elikadura burujabetza berreskuratzeko bidean urratsa ematea ere bada Udalaren helburua.

«Azken urteetan sektore ekonomikoen desorekarengatik kanpoko ekoizle eta produktuen dependentzia sortu da. Elikadura arloan burujabe izateko, oinarrizkoa da tokian tokikoa kontsumitzea», zehaztu du alkateak.

«Orain arte, izan ditugu esperientzia batzuk gure herrian bertan: Agroaldea (Udal lurrak nekazaritzarako; produkzio espezifikoak egiten dira) edota Arraztalo gisako iniziatibak (kontsumo taldea)», argitu du.

«Herrian elikadura burujabetzaren inguruko lanketa egitea ezinbestekoa da merkatari ttikiekin, herri mugimenduarekin edota ikastetxeekin. Bide horretan, ikastetxeekin lanketa martxan dago, ikasturte honetan gai hau lantzen ari baitira Eskola Agenda 21n baitan», aipatu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos