Diario Vasco
Ikastaroan parte hartu zutenak goran. Beheran, Maritxu Zabaleta, Pepi Mujika eta Ainhoa Lasa.
Ikastaroan parte hartu zutenak goran. Beheran, Maritxu Zabaleta, Pepi Mujika eta Ainhoa Lasa. / GOIZARIN

Hizkuntza ohiturei buruzko TELP ikastaroan, denak gustura

  • Parte hartu duten kideek balorazio positiboa egin dute

Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatutako TELP ikastaroaren azken saioa, hirugarrena, aurreko ostiralean egin zen. EMUNeko Ainhoa Lasa teknikaria izan da saioak gidatu dituena, eta haren esanetan «euskaraz bizitzeko nahia duten pertsonak dira, eta egunerokotasunean bizitzen dituzten hainbat egoera deserosori nola aurre egin aztertu dugu 10 orduko ikastaroan». Euskara Elkartera egitasmoaren baitan antolatu du Ttur-tturrek ikastaroa. Herriko hamabi lagunek parte hartu dute ikastaroan eta oso egoki baloratu dute, horregatik, Udala zein Ttur-Ttur gustura gelditu dira. Maritxu Zabaleta herritarrak azaldu duenez, «oso gustura sentitu naiz ikastaroan. Ikasitakoa, gainera, familia mailan aplikatzeko aukera paregabea izan dut eta horregatik oso pozik nago. Oso aberasgarria izan da niretzat».

Pepi Mujika ere txundituta dago ikastaroak eman duenarekin. «Ikastaroan hasi orduko konturatu naiz oso baliagarria izan dela euskara mailan kontzientzia hartzeko. Egunerokotasunean gure hizkuntza nola erabiltzen dudan eta zenbateko garrantzia ematen diodan erreparatzeko ere aproposa izan da. Maila horretan, barrenak astintzeko oso egokia izan da niretzat», dio serio. «Euskarakiko beste jarrera bat hartu dut orain». Bi lagunak Ainhoa Lasa teknikariaren lana ere oso ongi baloratu dute. «Irakaslea ere zoragarria izan da , oso hurbila, alegrea eta espresio gaitzarekin», nabarmendu dute. Era berean, adierazi dute oso ikastaro motza egin zaiela eta konturatu orduko amaitu dela. Hortaz, «hiru urtez behin egin beharrean urtero egitea proposatuko genuke. Merezi du eta asko ikasten da. Azierto gaitza izan da parte hartzea», diote argi.

«Euskaraz bizi nahi badugu»

Arantxa Letek ere parte hartu du ikastaroan. «Erakutsi digute euskararen erabilera areagotzeko pauso ttikiekin gauzak aldatu daitezkeela. Euskararen erabileran ere erabakiak hartzen ikasi eta koherente izan behar dugu».

Bestalde, Ainhoa Lasa teknikaria ere pozik dago lortutako emaitzarekin. «Talde oso dinamikoa izan da eta izugarri lan egin dute kide guztiek. Gainera, hausnarketa egiten oso trebatua zeuden eta horrek ere asko lagundu du. Etxerako lanak ere txukun-txukun egin dituzte hiru saioetan... Primeran!», azpimarratu du.