Diario Vasco

Arrakastatsua Oiartzungo XXVIII. Mendi Astea

Koldo Zubizarretaren ikuskizunak jakin mina piztu zuen herritarrengan.
Koldo Zubizarretaren ikuskizunak jakin mina piztu zuen herritarrengan. / GOIZARIN

Udal areto nagusia lepo bete zen ostegun iluntzean Girizia Mendi Taldeak antolatutako XXVIII. Mendi Astearen lehen ikuskizunaz gozatzeko asmoz. Koldo Zubizarreta oiartzuarrak aurkeztu zuen 'Mundua bizikletaz, Asia' proiekzioa ikusteko irrika zegoen herrian. Horren lekuko aretoan bildu zen herritar kopurua.

Saioa bikain aurkeztu zuen oiartzuar gazteak; azalpen argiak eskaini zituen 2012-13an Ainhoa Perez de Nanclares gasteiztarrarekin batera Asian barrena bizikletaz egin zituzten 12.256 kilometro luzeei buruz. India, Nepal, Tibet, Myanmar, Tailandia, Kanbodia, Laos, Txina, Japonia eta Filipinak, hau da, kontrastez beteriko lurraldeak (mendialdeak nagusiki) gertutik ezagutzeko parada izan zuten urtebete iraun zuen abenturan. Orduko bizipenak ederki plazaratu zituen, bai horixe. Bukaeran, ikusleen galderak argitzen ere saiatu zen. Ordubeteko ikuskizuna txalo zaparradarekin eskertu zuten udal aretoan bildutako abentura zaleek.

Atzo ostirala, berriz, '2014ko irteerak' izenburupean, Girizia Mendi Taldeak azken urtean zehar egindako ibilaldien bideo emanaldi ikusgarria aurkeztu zuen. «Urtean zehar hamabi ibilaldi edo egin ditugu eta propio prestatu dugun ikuskizunean oiartzuar ugari azaltzen dira», adierazi zuen Itziar Iñarra elkarteko arduradunak. Emanaldiaren amaieran, gainera, lunch txiki bat eskaini zuten.

Temas