Nazioarteko ekarpenek uxatu dute, momentuz, gosetea Somalian

Artxiboko argazkian, ur-garraiaketan Somaliako lur idorrean.
Artxiboko argazkian, ur-garraiaketan Somaliako lur idorrean. / REUTERS

Refugees International gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du "erantzun azkarrak" lagundu duela egoera "katastrofikoa" izan aurretik egonkortzen

AGENTZIAK

Emaile nagusien (Estatua Batuak, Erresuma Batua eta Europar Batasuna) ekarpenei esker, lortu da oraingoz gosete-mehatxua uxatzea Somalian, Refugees International gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez.

Somalia ez da klimaren aldaketari egozten zaion azken urteetako lehorte jarraitu eta bortitzaren ondorioz muturreko egoeran dagoen Afrikako herrialde bakarra. Kenia eta Etiopiako biztanleak ere gogor jo ditu egoerak, ur faltaren ondorioz uztak galdu eta jatekorik gabe gelditu baitira milioka pertsona. Somalia, ordea, herrialde bereziki ahula da, eta populazioaren erdiari eragiten dio arazoak. Askorentzat, irtenbide bakarra Etiopiara ihes egitea da... Nazio Batuen Erakundearen arabera, sei milioi pertsonak behar dute premiazko laguntza Somalian, lehendik ere oso pobreak ziren laborariak ezer gabe gelditu direlako.

Noizbehinka, ordea, zabaltzen dira berri onak, eta Refugees International-en txostenak azpimarratu du larrialdari aurre egiteko abian jarrita zeuden zenbait proiektuk lortu dituzten diru-laguntzei esker zertxobait arindu dela egoera. Proiektu horien xedea da kaltetuei dirua aurrezten laguntzea, mailegu- eta aurrezpen-programei esker, eta janari-biltegiak egitea, ez daitezen euren lurretatik mugitu.

Zenbait gobernuren finantzazio-programetan izan diren aldaketek ahalbidetu dute, aldaketa horiei buruzko xehetasun gehiago ematen ez duen GKEak dioenez, "programa horiek modu eraginkorragoan kudeatzea eta 2016ko ekainean lehorteak luze joko zuela jakin zenetik aurreikusten zen larrialdiari aurre egitea".

Hala, "gosetearen iritsiera iragartzen zuten aurreneko zantzuen aurreko erantzun azkarrari esker, Somalian lanean ari diren erakundeak eta naziaorteko emaileak katastrofikoa izateko bidean zen egoera egonkortzeko gauza izan dira". Azpimarratu dute, halaber, "helburuak eta jarraibideak ondo zehaztu izanak eta epe luzerako estrategiak sortzen eta ezartzen hasteak" asko lagundu duela.

Refugees International-ekin lan egiten duen Mark Yarnell abokatuak, azken asteetako lorpenak ukatu gabe, esan du etenik ez duen elikadura-krisia konponbidean jartzeko Somaliak bakea eta gobernu egonkorragoa behar dituela. Hori agian lortuko da baina, "tamalez -esan du-, ezin izango dugu sekula saihestu klimaren aldaketa".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos