Diario Vasco

Afganistango armadako lehen emakume pilotuak ez du etxera itzuli nahi

Rahmani, zapi berdea duela, beste emakume pilotu batzuekin AEBetako armadak 2015eko martxoan zabaldutako argazkian.
Rahmani, zapi berdea duela, beste emakume pilotu batzuekin AEBetako armadak 2015eko martxoan zabaldutako argazkian. / MELISSA LEE
  • Herrialde hartako Defentsa Ministerioak baieztatu du Niloofar Rahmani kapitainak asilo politikoa eskatu duela AEBetan, eta esan dio Obamari ez dezala hartu aintzat militar afganiarraren eskaera

Bolada batean, Afganistango armadaren eta gobernuaren kutuna izan zen Niloofar Rahmani emakume gaztea. 2012an, 21 urte zituela, hegan egiteko eskolan graduatu ondoren, armada afganiarreko lehen emakume pilotua izan zen. Jaioterrian ez ezik, nazioartean ere ospe handia lortu zuen, haren bidez erakutsi zutelarik horretarako interesa zeukatenek Afganistan ez zela bakarrik burkapeko emakumeen herrialdea, AEBek eta horren aliatuek sustatutako Afganistan 'berrian' edozein arlotan zituztela emakumeek aurrera egiteko aukerak. Talibanen aurkako borrokan pilotu trebea izandako Rahmani kapitainak, hain zuzen, borrokarako ez ezik propagandarako ere balio handia zuen garai haietan.

Une honetan, ordea, sailkapenaren beste muturrean dago garai bateko heroi nazionala, koldar, gezurti eta traidore kontsideratua, Ameriketako Estatu Batuetan ikastaro bat egin ondoren ez duelako Afganistanera itzuli nahi. Afganistango Defentsa Ministerioak igande honetan ofizialki baieztatu duenez, Rahmanik asilo politikoa eskatu du AEBetan. Dirudienez, udan aurkeztu zuen eskaera, baina orain zabaldu da berria, ikastaroa amaitu eta itzultzeko ordua heldu zaionean. Ministerioak eskatu die AEBetako agintariei ez dezatela kontuan hartu eskaera, eta deportatu dezatela Rahmani.

Afganistango Defentsa Ministerioko eledun Mohammad Radmanishek esan du Rahmanik ez duela zertan kexatu. «Ofizial bat segurtasun baldintzez kexu bada, zer egin behar dute pertsona normalek?» galdetu du Radmanishek.

Aktibista talde bat, aurka

Arkansas, Texas eta Floridako hainbat basetan 15 hilabeteko ikastaroa burutu ondoren, urte amaierarekin batera zen Niloofar Rahmani etxera itzultzekoa. 'The New York Times' egunkariari eskainitako adierazpenetan azaldu zuen, baina, ez zeukala bueltzatzeko asmorik, segurtasun egoera etengabe ari delako okerrera egiten jaioterrian. «Nire herriarentzat hegan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, hori izan delako nire bizi osoko ametsa –esan zuen-, baina itzultzeko beldur naiz, bai nigatik, baita nire familiagatik ere». Pentsatu du, hartara, asilo politikoa eskatzea eta hegan egiten jarraitzea, baina ahal dela AEBetako Aireko Armadarentzat.

Rahmaniren eskaera arazo diplomatiko bilakatzeko zorian da. AEBetako eta Afganistango gobernuen arteko harremanak dezente ari dira narriatzen 2014 urtean gerra amaitu zenez geroztik baina, hala eta guztiz ere, AEBak dira oraindik egonkortasuna ezin lortuta dabilen herrialdearen aliatu nagusia, eta presentzia militarrari ere eusten diote, 10.000 bat soldadurekin. Ala, AEBen aldetik, Rahmaniren arrazoiak aintzat hartzeak suposatuko luke onartzea Afganistan ez dela leku segurua, ezta eskatzailearen profil altua daukan pertsona batentzat ere.

Afganistango Gobernua ez da Rahmaniren eskaerak asaldatu duen bakarra. White Assembly delako erakundean bildutako aktibista talde batek ere, gutun ireki baten bidez, eskatu dio oraingoz AEBetako presidente izaten jarraitzen duen Obamari egin diezaiola uko eskaerari eta deportatu dezala Rahmani, Afganistanera itzultzeak ez diolako ekarriko inongo arriskurik. Aitzitik, «maila profesionalean zein pertsonalean erabateko segurtasun giroan» bizitzen jarraitu ahal izango du, sinatzaileen ustez, egin duten ikerketaren emaitzen arabera. «Gobernuak milioika dolar gastatu eta inbertitu ditu haren prestakuntzan, eta gure herriak bera bezalako pertsonen premia handia du», azaldu dute.

Rahmanik, bere aldetik, adierazi du lankideek gaizki tratatzen dutela eta iraindu egiten dutela eta, horrenbestez, jaioterrian dituen lan baldintzak ez direla egokiak, ezta segurtasunaren aldetik ere. Afganistaten zegoenean ere kritiko azaldu zen Rahmani armadako kideen lan baldintza eskasekiko. Eta ez da bakarra izan. Beste pilotu batzuek ere salatu izan dute oso soldata txikiak dituztela (20.000 afgani hilean, 288 euro) eta asko kostatzen zaiela baldintza horietan bizitzea.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate