«Zegama izena oso-oso zaharra da, baditu bi mila urte inguru»

Zaldua, artxiboko argazkian./USOZ
Zaldua, artxiboko argazkian. / USOZ

Luis Mari Zalduak hitzaldia egingo du Anduetza Parketxean, Zegaman bertan, asteazken honetan

Datorren asteazkenean, azaroaren 8an, hitzaldia emango du Luis Mari Zalduak Zegama izenaren jatorri, esanahi eta garrantziaz, arratsaldeko 7etan, Anduetza parketxean, Zegamako udalak antolatuta.

Luis Mari Zaldua euskal filologian doktorea da eta hainbat urte daramatza euskal toponimia aztertzen. Horren lekuko, 1997an Zegamako mapa argitaratu zuen Luis del Barrio eta Joxe Jabier Furundarenarekin batera.

'Zegama'-ren aurreneko aipamenak Erdi Arokoak dira (XIV. gizaldikoak), baina izena asko ere zaharragoa da, duela bi mila bat urtekoa hain zuzen. Izan ere, Zegama Gipuzkoako toki-izen zaharrenetariko bat da.

"Euskaldunek denbora luzez erabiliagatik, etorkiz, 'Zegama' toponimoa ez da euskalduna, latinaren aurreko jatorri indoeuroparra duen izena baizik», adierazi du Zalduak. "Gipuzkoan badira -ama atzizkia duten leku-izen gehiago, Arama, Arakama edo Beizama konparazio batera, eta izen horiek guztiak hainbat ikertzaileren argitalpenetan aipatzen dira, Mitxelenarengandik hasita".

Filologo honen iritziz, Zegama-ren saileko toponimoek Gipuzkoako hegoaldean hizkuntzaren arloan eragin indoeuropar nahiko luzea egon zela iradokitzen dute, baina, gaurdaino iraun duten lekukotzak euskararen arauen arabera aldatu direnez gero, era berean, azaltzen diren tokian (sortu edo bertaratu zituzten garaian) euskaldunak bazeudela erakusten dute.

"Guztiarekin, Gipuzkoako hegoaldean eta Euskal Herriko gainerako tokietan dauden datuak, Zegama bezalako adibideak alegia, ez dira aski alderdi haietan jatorrizkoa latinaren aurreko osagai indoeuroparra –eta arrotza euskalduna– zela aldarrikatzeko", zehaztu du Zalduak.

Gai honi buruz, Luis Mari Zalduak ikerlan berria egin du, datorren urtean plazaratuko duena. 2016an argitaraturiko 'Sobre el elemento indoeuropeo pre-latino en la toponimia de Vasconia: los nombres de lugar terminados en -ama' ikerketa zehaztera eta osatzera datorren lana omen da.

Hona hemen iazko idazki hartan Zalduak biltzen zituen ideia nagusiak:

1. Toponimian izen indoeuroparrak badaudela erakusten duen adierazle garbi bakarretarikoa -ama bukaera da. Atzizkia (-isama aldakia barne) duten toponimoen corpusa oso murritza da Euskal Herrian: hogeita hamar bat izen fidagarri eta zortzi duda-mudazko besterik ez daude.

2. Ama duten toponimoak ez dira modu bateratuan banatzen. Iparraldean, adibidez, ez dago -ama duen leku-izenik. Lekukotza ugarien dagoen Euskal Herriko lurraldea Gipuzkoa da. Mostra gehienak Oria eta Urola ibaien arroetan biltzen dira. Arabako ipar-sortaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean, jatorri indoeuroparreko epigrafia gehiena aurkitu den alderdian, -ama amaieraren lekukotza gutxi dago. Erakuskari gehien dagoen eremuaren eta Zeltiberiaren artean ez dago continuum-ik.

3. Designatum-aren aldetik, -ama duten toki izen gehienek giza-urratsarekin dute zerikusia. Jatorri indoeuroparra duten izenondoei ez ezik, atzizkia jatorri hori duten nahiz latinetik datozen pertsona izenei erantsi zaie. -Ama atzizkiak adierazten duena ez da beti batekoa: batzuetan superlatiboa dirudi eta besteetan jabetza adierazten duen osagaia.

4. Arabako iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoako hegoaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean hizkuntzaren arloan eragin indoeuropar nahiko luzea egon zela dirudi.

5. Gaurdaino iraun duten lekukotzak euskararen arauen arabera aldatu dira: Zegama dugu, eta ez Segama. Ama duten leku-izenetan kausitzen diren zenbait aldaketa bat datoz euskararen arauen arabera bilakatu diren latinetiko toponimoetan ikusten direnekin, azaltzen diren tokian sortu edo bertaratu zituzten garaian euskaldunak bazeudela berresten duten mudantzekin.

6. Izen guztiak kanpotik ekarritakoak direla uste izateko arrazoirik ez dago; askok bertakoak dirudite, Ebroz haraindi, Zeltiberian errepikatzen ez direlako. Daitekeena da erromatartzearen hastapenen aurretik Euskal Herriaren ipar-sartaldeko eremu batzuetan hizkuntza indoeuroparren erabiltzaileak egotea.

7. Arabako iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoako hegoaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean dauden datuak ez dira aski alderdi haietan jatorrizkoa latinaren aurreko osagai indoeuroparra —eta arrotza euskalduna— zela aldarrikatzeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos