40 urtean, 1.000tik gora ingeniari euskaldun eman ditu Informatika Fakultateak

Artxiboko argazkian, Informatika Fakultatea sortu berritan./AYGÜES
Artxiboko argazkian, Informatika Fakultatea sortu berritan. / AYGÜES

Ikasturte honetan, 40 urte bete ditu eta dekano berria estreinatu du EHUko Informatikako Fakultateak, Alexander Mendiburu. Eta, EHUk ohar baten bidez gogoratu duenez, lau hamarkada horietan 1.000tik gora ingeniari euskaldun prestatu ditu. Izan ere, epe horretan 4.000 ikasle baino gehiago izan ditu, eta haietako 1.000 baino gehiagok euskaraz egin dituzte ikasketak.

Etengabeko eguneratzea ere garrantzitsua izan da Donostiako campusean kokatuta dagoen Fakultatean. Gorantz egin du eta Informatika Ingeniaritzako lanbidea finkatu egin da 40 urteotan, "digitalizazioak ekarri duen iraultza sozial, industrial eta ekonomikoaren protagonista eztabaidaezina bihurtuz". "Gure ikasgeletatik atera dira aldaketa horiek eragiten eta etorkizun digitala asmatzen ari diren profesionalak. Informatikako 4.000 ingeniarik baino gehiagok jaso dute prestakuntza fakultatean. Horietatik milak baino gehiagok euskaraz ikasi dute, eta horiexek sortu dute, hain zuzen ere, euskarazko informatikaren mundua", Alexander Mendiburuk adierazi duenez.

EHUko Informatika Fakultatearen hastapenak 1971ko abuztuaren 9koak dira. Egun hartan, Madrilen 1969an sortutako Informatikako Institutuaren mendeko Informatika Zentro bat sortu zen Donostian. Institutu hark bost mailatan egituratutako ikasketa plana onartu zuen 1971ko ekainean: Aplikazioen programatzailea, Sistemen programatzailea, Aplikazioen analista, Sistemen analista eta Sistemen teknikaria.

Donostiakoa, aurrenetakoa

Ikastegia, orain ezagutzen den moduan, 1976ko martxoaren 4an sortu zen, Bartzelonako, Madrilgo eta Donostiako informatikako lehen fakultateak sortu zirenean. Garai hartan, gainera, EHU izango zena eratzen ari ziren. 1977an, Informatikako Fakultatea 1968an sortutako Bilboko Unibertsitatean sartu zen, eta unibertsitate hori, 1980ko otsailaren 25ean, gaur egungo EHU bihurtu zen.

"Gure ikasgeletatik atera direnek sortu dute euskarazko informatikaren mundua" alexander mendiburu, dekanoa

Horrela, 40 urteotan, Informatika Fakultatetik 4.000 profesional baino gehiago atera dira, 250 doktorego tesi egin dira, 900 enpresarekin baino gehiagorekin praktika programak sortu dira, eta urtean batez beste I+G+BN arloarekin lotutako 50 proiektu eta 20 ikerketa kontratu egin dira enpresekin.

Gainera, 15 ikerketa talde finkatu dira, eta erreferente dira askotariko gaietan, besteak beste, adimen artifizial, Big Data, superkonputazio, Internet of Things, 4.0 Industria, erabilerraztasun, robotika, web semantiko, testuen meatzaritza, ikaskuntza automatiko, Software Ingeniaritza, sare eta komunikazio, modelaketa matematiko, irudien analisi edo hizkuntzaren prozesamenduan.

Informatika Fakultateak ematen dituen diziplinak oso azkar aldatzen dira, eta EHUko fakultateak erritmo horretara egokitu behar izan du urte hauetan guztietan. Azken egokitzapena Bolonia Prozesua delakoa izan da, eta, prozesu horren ondorioz, 2010/2011 ikasturtean, lehengo eskaintza Informatika Ingeniaritzako Gradu bihurtu zen, lau urte eta 240 kredituko eta hiru espezialitatekoa.

Graduondoko prestakuntzak ere bilakaera izan du: eskaintza erabat eguneratu da doktorego ikastaro tradizionaletatik gaur egungo masterretara. Horrez gain, Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia, Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala eta Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailek gaur egun "bikaintasuneranzko aipamena" duten bi doktorego programa eskaintzen dituzte.

Alexander Mendiburuk adierazi duenez, "horregatik antolatu dugu ospakizun hau, 40 urte hauek ikasketei zein lanbideari ematen dieten erabateko heldutasunean oinarrituta. Fakultate honek gure lurraldean eta oro har Euskal Herrian bete duen eta betetzen duen motor funtzioa ospatu nahi dugu".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos