Urrats bat gehiago larrialdetan modu koordinatuan jarduteko

Artxiboko argazkian, Osakidetzaren helikoptero bat Olaberriako futbol-zelaian. Maiz erabiltzen dituzte ekipamendu horiek ebakuazioetarako-eta./MADINABEITIA
Artxiboko argazkian, Osakidetzaren helikoptero bat Olaberriako futbol-zelaian. Maiz erabiltzen dituzte ekipamendu horiek ebakuazioetarako-eta. / MADINABEITIA

Europak diruz lagunduko du larrialdi egoeretan koordinatuta aritzeko EAE, Nafarroa eta Akitaniaren HeliNet proiektua

Europar Batasuneko 2014-2020 aldiko POCTEFA ekimenaren programazio batzordeak erabaki du 1.656.511 euroko diru laguntza ematea Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE), Nafarroa Foru Erkidegoari eta Akitaniari, premialdi, larrialdi, erreskate eta natur hondamendi egoeretan koordinatuta jarduteko mugaz gaindiko lankidetza sarea garatzeko HeliNet proiektu baterako. EAEk 540.428 euroko aurrekontu saila jasoko du, larrialdietako egiturak eta dotazioak garatzeko, Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez.

HeliNet proiektua Europa osoko beste 61 egitasmorekin batera aukeratu da. Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibila-Nasuvinsa Lursareak eta Iparraldeko Cote Basque Ospitale Zentroa-SAMU 64Ak parte hartzen dute. Proiektuaren helburua da Pirinioen mendebaldeko eskualdean mugaz gaindiko lankidetza sare bat garatzea, logistikoa nahiz operatiboa, premialdi, larrialdi, erreskate eta natur hondamendi egoeretan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak elkarrekin kudeatzeko.

Horrela, datozen 36 hilabeteotan garatuko den proiektu berriaren bidez, mugaz gaindiko sare partekatu bat sortuko da, eta 30 heliazalera eta heliportu inguru izango ditu Pirinioetan isolatuta dauden eta urruti geratzen diren biztanle guneak batez ere erreferentziako ospitaleak dituzten hiriguneekin lotzeko. Horrela, helikopteroak erabiltzea sustatuko da.

Jaurlaritzak nabarmendu du proiektua garatzen denean EAEn ospitaleetako heliazalera sarea finkatuko dela, eta Arabako Unibertsitate Ospitalekoa eta Donostia Unibertsitate Ospitalekoa abian jartzen lagunduko dela. Era berean, Osakidetzako Larrialdietarako zerbitzuak eta bertako profesionalak etorkizunean izan daitezkeen larrialdi biologikoei, kimikoei eta nuklearrei aurre egiteko ere prestatuko dira, EAEk, Nafarroak eta Akitaniak erantzun koordinatua ematea bultzatze aldera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos