Umeak, protagonista Leitzan

Plazan antolatutako jokoetan primeran pasa zuten gaztetxoek.
Plazan antolatutako jokoetan primeran pasa zuten gaztetxoek. / BELAUNTZARAN

San Tiburtzio jaiak hastear direla eta txikiek euren eguna ospatu zuten

ELISA BELAUNZTARANLEITZA.

Leitzako San Tiburtzio aurreko igandean herriko umeen eguna izan ohi da. Atzokoan, ohiturari eutsiz herriko gaztetxoak izan ziren protagonista bertan. Goizean goiz jarri ziren martxan, dianarekin batera eta gero, egun osoan zehar primeran pasatzeko egitarau zabala prest zuten. Erleta herri eskolako 6. mailako neska-mutikoek bota zuten aurten ere txupinazoa. Udal ordezkariekin batera gosaldu zuten eta indarrak hartu eta gero, plazan bildutako ume, aitona, amona eta gurasoak zain zituztelarik gonbitea luzatu zieten jaian murgiltzeko.

Aukera ezin hobea izan zuten horretarako, izan ere, zain zituzten gurpildun zezenak entzierroa eginteko. Batzuk adar aurrean lasterka ibiltzen ziren bitartean, beste ba-tzuk saltoka aritu ziren udaletxe aurrean jarritako puzgarrietan. Guraso eskolako ordezkariek prestautako jokuetan ere ederki pasa zuten leitzar gaztetxoek: aulki jokoan, globoak lehertzen...

Aurrerako Pilota Eskolako gazteen arteko partidak ere izan ziren goiz partean. Arratsaldean berriz, elkarteko dantzari txikien ikuskizuna eta umeen ingurutxo irekia izan zen. Erakustaldi bikaina eskaini zuten beste behin plazan bildutako ehunka lagunen aurrean.

Gero, buruhandiekin larri ibili ziren ez harrapatzeko eta batez ere, kolperik ez jasotzeko. Erraldoiak ere atera ziren eta euren dantza erakustaldia eskaini nahi izan zuten handi eta txikien artean. Dantza kontuekin jarraituz ezin ahaztu Joxe Mendizabal zain zutela denek ere, gorputza martxan jartzeko.

Orain, San Tiburtzio jaien bezperarari begira daude leitzarrak. Hori ostegunean izango da.

Fotos

Vídeos