Udalerri euskaldunetako gazteak, elkarrekin Orion

Udalerri euskaldunetako gazteak, elkarrekin Orion

Aurreneko aldiz antolatu diren Salto! gazte topaketek ikasgelatik kalera aterako dute UEMAren hezkuntza proiektua

UEMAren hezkuntza proiektuak eskolatik kanpo ere egingo du bidea asteburu honetan. Hezkuntza ez arautuan ere eragin nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu UEMAk, gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko. "Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da", adierazi du UEMAk ohar baten bidez. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren laguntza du ekimenak.

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta amaitu berri den ikasturtean UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu aurten lehen aldiz UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izango dira, asteburu honetan, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketetan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

"Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburuetako bat, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin", azaldu dute. Maddi Gallastegi UEMAko hezkuntza teknikaria izango da topaketen koordinatzailea.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimen hau.

Agente aktiboak

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, asteburu berezia da honakoa UEMArentzat, "eta bereziki UEMAko kide diren 85 udaletako dozenaka eta dozenaka gazterentzat. Izan ere, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak antolatu ditugu lehen aldiz, eta ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte, Orioko Itxaspe baserrian elkartuko ditugu guztiak, egitarau erakargarriarekin".

Labakaren hitzetan, topaketa hauek "giltzarria den kezka eta ildo bati erantzuteko sortu ditu UEMAk". UEMAri duela zenbait urte sortu zitzaion azkenaldian lau haizetara zabaltzen ari den kezka: hizkuntzari eusteko hiztun komunitate kontzientziatua eta aktiboa izateak duen garrantzia. "Horren harira, udalak eta administrazioa euskalduntzeko ohiko ildoei eusteaz gain, udalerriak ere euskalduntzeko eta herritarrak kontzientziatzeko lan egin beharra eta horretarako bitartekoak jarri beharra ere erabaki zuen UEMAk".

Labakak nabarmendu duenez, "ordudanik, azken bost urteotan, kontzientziazioan lan handia egin du UEMAk. Gazteentzat, zehazki, hezkuntza proiektu integrala ere diseinatu eta abiarazi dugu, udalerri euskaldunetako eskoletan iraunkorki eta estrukturalki landu dadin. Herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko beharraren baitan, ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da gakoa, hizkuntza ohituretan eragin ahal izateko. Proiektua hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo ere zabaltzea beharrezkoa ikusita, aurten, lehen aldiz, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditugu. Udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko 40 gazte elkartuko ditugu, UEMAko hezkuntza teknikariekin, begiraleekin eta sukaldariekin, Orioko Itxaspe baserrian. 75 ikaslek eman dute izena, eta zozketa egin behar izan dugu lurraldetasuna eta genero ikuspegia kontuan hartuta.

Hiru egun hauetan, gazteak euskal hiztun gisa kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta aktibatzea da kontua, gero bakoitza bere eskolan, inguruan eta herrian ere eragile izan dadin. Azken batean, gazte hauetako bakoitza euskararen arnasa zabaltzeko agente aktibo izatea lortu nahi da hein batean. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea lortzea da asmoa. Horretarako, ahalegin eta laguntza guztiak dira beharrezkoak. Beraz, arretaz eta esperantzaz begiratuko diegu udalerri euskaldunetatik Salto! Gazte Topaketetara helduko diren gazteei".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos