Ubarroi mottodunaren babesa areagotzeko plana eskatu dio Eguzkik Aldundiari

Ubarroi mottoduna. Getaria eta Hendaia bitarteko kostaldean bi dozena bikote baino ez dira gelditzen./JOSE HERRERO
Ubarroi mottoduna. Getaria eta Hendaia bitarteko kostaldean bi dozena bikote baino ez dira gelditzen. / JOSE HERRERO

Duela hamarkada batzuk galdutzat jo zen itsas hegaztia kalteberatasun egoeran dago gaur egun, eta egoera zuzentzen ez bada galzorian egon daiteke

Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “kaltebera" moduan sailkatuta dagoen itsas hegazti bat da. Kalteberatasun egoeran daude, hain zuzen, "beraiei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, 'galzorian' egoteko arriskua duten espezieak". "Adierazgarria da ubarroi mottoduna arrano beltzaren, arrano arrantzalearen, sai zuriaren edota mokozabalaren kategoria berean sailkatuta egotea", dio Eguzki talde ekologistak Foru Aldundiari ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana egin dezan eskatuz zabaldu duen oharrean.

Ohar bereab diote Gipuzkoan, ubarroi mottoduna, kumatzaile gisa, galdutzat jo zela 60. eta 70. hamarkadetan. Gaur egun ere ez da lasaitzeko modukoa espezie horren egoera, batez beste bi dozena bikotek kumatzen baitute "Getaria eta Hendaia bitarteko kostan, besteak beste, Ulian eta Jaizkibelen, Natura 2000 Sareko parte diren guneetan".

Horrenbestez, Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio "luzamenduak alde batera uzteko eta ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana behingoz egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak aurreikusten duen bezalaxe". Kudeaketa-plan hori, talde ekologistak dioenez, "hainbat elkarte naturzaleren aspaldiko eskaera da. Gainera, Life Intermares proiektuak, Natura 2000 Sarea itsasoan garatzeaz arduratzen denak, ubarroi mottoduna bereziki aztertu eta zaindu behar diren espezieen artean zerrendatu berri du". "Gauzak horrela, Foru Aldundiak ez luke luzamendu gehiagotan ibili behar. Kontuan izan Bizkaiko Aldundiak 2006an onartu zuela ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana", diote.

Gizakiaren erakin kaltegarria

"Ubarroi mottoduna Estatu espainolean ere guztiz babestuta dago, jakina. Are gehiago Atlantiko eta Kantauri itsasoan bizi den subespeziea (Phalacrocorax aristotelis aristotelis), hori baita mehatxatuena", gogoratu dute. Hegaztien Liburu Gorrian "Arriskuan" kategorian sailkatuta dago.

Ubarroi mottodunak gaur egun dituen mehatxurik handienak nabarmentzekoan, aipatzen dituzte "gizakiok sortutako trabak; arrantza-sareetan nahi gabeko harrapaketak; espezie inbasoreen erasoak eta itsas kutsadura".

"Talde naturzaleek behin baino gehiagotan salatu dute parapente eta antzekoen hegaldiak, kainaberako arrantzaleak, ontziak edota txangozaleak ubarroi mottodunaren kolonietara gehiegi gerturatzeak espezie hau habiak bandonatzera eraman dezakeela. Halaber, beste espezie murgilariek bezala, ubarroi mottodunak amu- zein sare-arrantzaren zeharkako biktima izan daitezke", zehaztu dute.

Horregatik guztiagatik, "Eguzkik Kudeaketa-Plana lehenbailehen egitea eta onartzea eskatzen du, Legeak aurreikusi bezala, kudeaketa prokatiboaren bidez espeziearen egoerak hobera egin dezan".

Eguzkiren aburuz, Kudeaketa-Planaren helburuak izan beharko lirateke "kolonien biziraupena arriskuan jartzen duten faktoreak ezabatzea; kolonien garrantziaren eta kalteberatasunaren arabera, erabilera mugatuko babesguneak ezartzea, kolonia horiek dagoeneko eremu babestu baten barruan badaude ere; ubarroi mottodunaren habitatean giza jarduerak kontrolatzea eta espeziearen habitaten baldintzak alda daitezen eragoztea".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos